Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Abenduaren 6an jakinen du Oier Oak lurralde debekuari buruzko erabakia

Iazko azaroaren 25ean atzeman zuten Oier Oak auzi saioa izan zuen, atzo, Parisko Dei Auzitegian. Defentsa eskatuta, donostiarrari ezarritako lurralde debekua bertan behera uzteko eskaria aztertu zuten. Fiskala kontra azaldu zen. Erabakia, abenduaren 6an.

Iazko azaroaren 25ean Hiriburun atzeman zuten Oier Oa. Geroztik, 2015ean kartzelatik atera zenetik Larresoron errotuta dagoen preso ohi donostiarra bere familiarengandik urrunduta bizitzera behartuta dago, zigorrari loturiko lurralde debekuagatik.

Defentsak eskatuta, debeku hori bertan behera uzteko aurkezturiko helegitea aztertu zuen atzo arratsaldean Parisko Dei Auzitegiak. Heldu den abenduaren 6an jakinaraziko du auzitegiak bere erabakia. Izan ere, abokatu nagusia erabakiaren kontra azaldu zen auzi saioan.

Amaia Rekarte abokatuak GARAri azaldutakoaren arabera, saioan zehar lurralde debekua atxikitzeak Oaren familiarengan lituzkeen «neurriz kanpoko ondorio kaltegarriak» azpimarratu zituen defentsak. Era berean, Euskal Herrian egun dagoen testuinguru sozial eta politikoa aintzat harturik, ordena publikoaren aurkako arriskuaren irizpidea ez dela zentzuzkoa nabarmendu zuen Oaren abokatuak.

Hala eta guztiz ere, fiskaltzaren ordezkaria bere galdera errefusatzearen alde azaldu zela onartu zuen abokatuak.

Gauzak horrela, «epaitegiaren esku jarri ditugun elementu guztiak» behar bezala aztertu ondoren auzitegiak hilabete barru hartuko duen erabakiaren zain gelditu da Oaren defentsa.

Zehazki, abenduaren 6an behar luke Dei Auzitegiak bere erabakiaren berri eman. Anartean, Parisko auziak duen garrantziaz jabeturik, hainbat elkartasun ekimen antolatu dituzte azken egunotan bai Baionan bai Larresoron, Oa babesteko. Preso ohia bere emazte eta hiru semeekin bizi den herrian elkarretaratze jendetsua egin zuten joan den ostiralean. Ondotik, herriko frontoian bere auzia jorratzen duen “Zigor bat gehiago” dokumentala ikusteko parada ukan zuten bertaratu ziren dozenaka lagunek. Dokumentala Kanaldude telebistaren webgunean ikusgai da.

Korrika Hiriburutik Baionara

Bestalde, Oier Oa atzeman zuten tokitik korrika egin zuten, atzo, Baionako Etxepare lizeoko ikasleek eta lankideek. Hala, Hiriburuko Aturri kolegio pareko biribilgunetik 11.30ean abiatu zen lasterketa ordubete beranduago lizeoan amaitu zen. Oak azaroaren 25ean egin ezin izan zuen 7 kilometroko ibilbidea osatu zuten, hezitzaile gisa lan egiten duen preso ohia lizeoan bueltan nahi dutela adierazteko.

Oier Oa 2012ko otsailaren 24an atxilotu zuen, lehen aldiz, frantziar Poliziak Angelun. Lau urteko espetxe zigorra bete ondoren frantses Estatuak haren aurkako kanporatze agindua gauzatu zuen. Madrilgo Barajas aireportura eraman zuten eta aske geratu zen. Ordutik Larresoron bizi da familiarekin.

Hala, Oak bere egoera erregularizatzeko aurkeztu duen hirugarren eskaera da atzo Parisen aztertu zutena. Aurreko biak errefusatu zituen frantses Justiziak.