GARA
BILBO

Feminismo Marxistaren IV. Konferentzia, ostegunetik larunbatera

Feminismo Marxistaren Nazioarteko IV. Konferentzia azaroaren 11, 12 eta 13an gauzatuko da online, jardunaldi guztiak Zoom plataforma bidez igorriz. «Birtualki bada ere, munduko txoko guztietako hizlari eta entzuleek espazioa eta unea partekatuko dute hiru egunez», azaldu dute antolatzaileek ohar baten bidez.

Transform! Europe, EHU, Iratzar Fundazioa, Critical Theory Bilbo-Barcelona, Berliner Institut für Kritische Theorie (InkriT), Rosa Luxemburgo Fundazioa eta ParteHartuz taldeak dira antolatzaileak.

Jakinarazi dutenez, konferentzian dozenatik gora panel kolektibo ere izango dira. Horietan «balioaren azterketa, lana, erreprodukzio soziala, arrazalizazioa, sexualizazioa eta estatua» gaiak aztertuko dira, besteak beste, eta panelok jatorrizko bertsioan eskainiko dira. «Parte-hartzaile gehienak militantziatik, aktibismotik zein mundu akademikotik datoz, eta hainbat herrialdetako ikuspuntu ezberdinak mahaigaineratuko dituzte: Latinoamerika, Estatu Batuak, Asia, Ekialde Hurbila zein Europa hegoaldeko hizlariak bertaratuko dira».

Hitzaldietan feminismo garaikidearen «erronka eta analisi desberdinak jorratuko dira, eta Haug filosofo alemanak bildutako Feminismo Marxistaren XIII. tesiek ere zeresana emango dute». Bestalde, paneletan askotariko gaiak jorratuko dituzte: emakume andaluziar iraultzaileak, #MeToo mugimendua, korronte feminista desberdinak eta haien erronkak, sufragistek bideratutako “Ogia eta arrosak” eta emakume nekazariak zein artistak.