Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Uste berri on!

Bada bai, aurrekontuak onartuak izan dira inguruko instituzioetan, eta honezkero atze-kontuak dira. Orain Gabonak hizpide, loteria eta Gabon-kantekin batera. Eta birusa nonahi! Amen! Total, datorren urteko egutegi gehiago jaso ditut egunotan nire etxeak dituen hormak baino. Postontzia ere inoizko beteena dago; ezagutzen ez nautenek ere urte berri ona opa! Kamino bazterreko beira-edukiontzia botilaz lepo... apurtuak, hori bai!

Imajinatzen nago gau seinalatuetakoa. Sukaldea duten etxeetako sukaldean jendea mugimendu bizian, ezker-eskuin, hartu-utzi, zabaldu-itxi, joan-etorri, igo-jaitsi, zikindu-garbitu... Marx anaien kamarotea bailitzan, egongelatik koinatua “Kwai ibai gaineko zubia” ahapetik txistukatzen dagoela. Eta segituan familia osoa, koinatua barne, jangelan errenkadan, bakoitzak bere zer-zotza hartu, sudur-zuloko barruraino sartu, gora eta behera mugitu, bestelako Gabon-kanta bailitzan, eta behin zulotik aterata, hara!, minutu batzuk familian itxarotera! Egia esan, amama jartzen da beti antigenoen aitzakia, baina nago ni askotan amamari bost! Agian senide batzuk aldatzea nahiago!

Eta zer esan pandemiaren gaurko egoeraz! Ajuriaeneko maizterrak jarrera komuna irmoki eskatu nori eta beheko zezen-larruko Estatuko agintariei eta, gero, etxe barruko hiriburuetako kabalkadetarako, jelkidetan nork bere erabakia. Jarrera komuna gero, eskumena duten kontuetan! Kanpoan otso, barruan uso! Portzierto, zertan geratu zen uda hasieran Eusko Legebiltzarrak onartu zuen Pandemia Lege hura? Ba ote zen zerbait baliagarri erabilezinen artean?

Total, musukoa derrigorrez, espazio naturaletan salbu. Eta begira nabil mapamundian non izan daitekeen holakorik Antartikan baino hurbilago, ze inguruko eukaliptadiak ez ditu gune naturaltzat hartuko, ezta? Kapaz! Tira, 2022a egin dezagun hobea!