BILBO

2.180 kilometro egingo ditu 22. Korrikako lekukoak Amurriotik Donostiara

AEK-k atzo iragarri zuen 22. Korrikak udaberrian egingo duen ibilbidea. Amurrion hasi eta Donostian amaituko da lekukoak Euskal Herri osoan zehar egingo duen zirkuitua, 2.180 kilometrokoa.

AEK-k atzo iragarri zuenez, 22. Korrika Amurrion (Araban) hasiko da martxoaren 31n, Gasteiz izango da zeharkatuko duen lehenengo hiriburua eta Euskal Herrian barrena 2.180 kilometro egin ostean, Donostian amaituko da, apirilaren 10ean. Bai ibilbidea bai ordutegia gailu adimendunetarako “Korrika” aplikazioan kontsulta daitezke. Otsailaren 1etik aurrera kilometroak erreserbatzeko aukera eskuragarri egongo da.

Martxoaren 31ko arratsaldeko lau eta erdietan abiatuko da Amurriotik barruan mezu sekretua daroan lekukoa. Segidan, lehenengo arratsalde-iluntze horretan Aiara eta Enkarterrin ibiliko da batetik bestera, eta apirileko lehenengo egunekin batera sartuko da Hego Uribera, Arrankudiagan barna.

Apirilaren 1eko gau osoa Bizkaian emango du Korrikak, Hego Uriben bertan eta Durangaldean, ondoren Gipuzkoara sartzeko, Eibarretik. Hortik Debagoienera igaroko da Bergara, Arrasate eta Aretxabaleta zeharkatuz, baina Oñatin ohiko bisita egin gabe. Horren ostean, buelta Arabara, Legution barrena, arratsaldeko bostetan edizio honetako lehen hiriburua zeharkatzeko: Gasteiz.

Lasterraldiak Lautadan emango ditu apirilaren 1eko azken orduak, Eginotik Ziordirako bidetik Sakanan sartzeko. Larunbata izango da ordurako, apirilaren 2a.

Korrikalariek Nafarroan emango dute asteburu osoa, Sakanatik Iruñerrira, eta Iruñetik, zeharkatuko duen bigarren hiriburutik, Elortzibarrera. Hortik Izarbeibarra, Tafallaldera eta, eguna amaitzeko (igandea izango da jadanik), Erriberara.

Apirilaren 3ko azken orduak Zangozaldean eman ostean, Pirinioen txanda iritsiko da. Mendi eta haranetan zehar ibiliko da lasterketa erraldoia, apirilaren 4ko 17.00etan edizio honek zapalduko duen hirugarren hiriburuan sartzeko: Donibane Garazi. Ez da bakarra izango; izan ere, 21.30ean Maulera ailegatzea aurreikusi du AEK-k. 22. Korrika erdia eginda egongo da ordurako.

Apirilaren 5eko lehenengo orduak Zuberoan emango ditu lekukoak, hortik berriro Nafarroa Beherera bueltatu, eta Baigorritik Erratzurako bidetik Nafarroa Garaiko hurrengo etapa egiteko. Baztan, Ultzama, Larraun, berriro Sakana eta Lizarraldeko biztanleek ikusiko dituzte korrikalariak pasatzen egun horretan.

Apirilaren 6arekin batera helduko zaigu Arabako hurrengo etapa. Goizaldean, mugatik Kanpezurako bidean barrena, eta Mendialdean ibiliko da lekukoa, eskuz esku. Hortik Trebiñu, Añana eta Gorbeialdera, azkenik Bizkaira itzultzeko.

Bazkalorduan, Arratiako euskaltzaleek garraiatuko dute lekukoa Zeanuritik Bediara eta ondorengo bi egunak Bizkaian barrena emango ditu Korrikak: Arratiatik Usansolora, eta Txorierritik Bilbora, hurrengo hiriburura. Apirilaren 6ko iluntzeko zazpi eta erdiak izango dira Bizkaiko hiriburu iristerako.

Apirilaren 7ko ordu txikietan Ezkerralde eta Meatzaldetik pasatuko dira korrikalariak “HitzEkin” kantuaren doinuak lagunduta, eta goizaldea Uribe Kostan igaroko dute. Hortik Uribe Butroe, Busturialde eta Lea-Artibaira, eguna azkenik Mutrikun (Gipuzkoan) amaitzen ikusteko.

Lekukoak Gipuzkoan emango du apirilaren 8 osoa: Deba, Urola (Zestoa), Urola Kosta, Buruntzaldea, Tolosaldea, berriro Urola, Goierri eta berriro Tolosaldea, egunari itxiera bertan emanez.

Apirilaren 9an, larunbatarekin, korrikalari nafarren erantzukizuna izango da euskara hauspotzen jarraitzea eta beraiek ekingo diote Nafarroako azken etapari: Leitzaldea, Malerreka eta Bortzirietan, geroago Ibardinen barrena Lapurdira sartzeko. Hala, Lapurdik hartuko du protagonismoa eta lekukoa 17.30ean ailegatuko da Baiona hiriburura.

Euskal Herriko herrialde guztiak ukituak izango ditu AEK-k antolatutako ekimenak ordurako, baina azken eguneko txanpa faltako zaio oraindik, apirilaren 10ekoa, hain zuzen: hegoaldera joko du euskararen aldeko aldarriak lehenik, eta berriro sartuko da Gipuzkoara Irundik barrena. Bidasoa atzean utzita, Oiartzualdea zeharkatuko dute, Hernanialdea atzean utzi eta, azkenik, Añorgatik sartuko da Korrika Donostiara, azken hiriburura, goizeko zazpi eta erdiak aldera 2.180 kilometro luze zeharkatu ondoren.

Hori horrela, 22. Korrikak Donostian itxiko du pandemiaz geroztik izango duen lehenengo edizioa. Lekukoak bere barnean gordeta daraman mezuaren irakurketa eta amaierako jai handiaren hasiera apirilaren 10eko eguerdiko hamabi eta erdietan egingo da, Donostiako Bulebarrean.