Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Pikutara iparrorratza!

Aste honetan, berriro ere, oso arin gainbegiratu dut prentsa, etxera iluntzean heldu eta mahai bazterrean diren egunkari biek letra handiz jasoa. Matrikula irekia dela ikusi dut… Hau kolpea! pentsatu dut, ez nuen uste Elizak horretarako epea zabaltzen zuenik, segituan egiten zuelakoan nengoen, di-da, gauekotasunez eta azpikeriaz, Jainkoaren izenean betiere… Bada ez, oker nengoen, matrikula epea zabalik bai baina umeak eskolaratzeko! Eta nik, lerdo honelakoak, Elizaren immatrikulazioa buruan… Portzierto, katedrala ere hartu dute sotanadunek ondare? San Mamesez nago orain. Azken finean ez dago hainbeste alderik sotanadunen eta Satandunen artean; bata bestearen aldaera hartu daiteke …

Tira, eskola harira! Halako batean burutik pasatu zait ume garaiko fraide eskolako irakasle zibil hura epaitegian salatzea. Geografia azaltzen zuen hark, edo hori usteko zuen berak. Baina bai zera, kimera! Ez zuen bada pasa ikasturte osoa mapa aurrean esanez Atlantikoa Europa-Afrikaren eta Ipar-Hegoko Amerikaren arteko ozeanoa zela! Eta Iparra goian eta Hegoa behean zegoela! Ama, ama! Antigeno testa egin izan bazioten gelara sartu aurretik! Bada bai, salatzeko izan naiz. A zer buru-ondorio utzi zizkidaten gerora haren mapa aurreko azalpenek! Ez nuen ba Geoestrategian aditua izan nahi izan eta NATOko kontuetan espezializatu! Ipar Atlantikoak beste ozeano guztien hegoak ere hartzen ditu, eta kostarik ez duten herrialdeen ekialdea zein mendebaldea ere bai. Pikutara iparrorratza! Pikutara geoestratega izateko nire grina hura, Trebiñurekin konformatu behar.

Eta pandemia-endemia, non den premia… indarrean diren neurriek indarra ote duten eta neurriak neurtzeko neurgailuak ote diren… negatibo asko egotea positiboa dela… Total, iluntzean etxera heldu eta askotan segituan ateratzen naiz… denbora irabazteko…