GARA

Neguaren zurira buelta aldi batez

Elur, kazkabar eta izotzak udaberriaren etorrerarekin ahaztu berritan, neguaren zuria itzuli zen atzo. Eta zuriaren alde iluna, elurrak arazoak sortu baitzituen zenbait errepideetan; Nafarroan, batez ere. A-15 autobia itxi egin zuten Irurtzunen goizean goiz eta ordu batzuen buruan berriz ireki, baina han pilatuta gelditu ziren ibilgailuek oztopoak eragin zituzten tarte batez. Bestelako errepideak ere itxi ziren, kasurako NA-137 (Burgi-Izaba-Areta) 47. kilometrotik aurrera; NA-2012 (Otsagabia-Irati-Larraineko mendatetik) 7,8 kilometrotik aurrera eta NA-7510 errepidea (Aralarko San Migelera sarrera). Araban, Herrera eta Urduñako portuak itxi zituzten. Istripuak ere izan ziren: Erroko mendatean (N-135) 33.000 litro gasolio zeraman kamioi bat errepidetik atera zen; zorionez, ez zen isuririk izan. Bestalde, AP-8an, Usurbil inguruan, hiru ibilgailuren arteko talkak hiru kilometroko auto-ilarak eragin zituen. Arazoez landa, espero zitekeenaren kontra elurtuta agertu ziren zenbait hirigune, Gasteiz, Iruñea eta Nafarroa Behereko herri batzuk, kasurako.