Kalean da Josu Ginea, bi estatuetan 20 urteko espetxealdia bete ondoren
Josu Ginea Sagasti larrabetzuarra etxean da azkenean, bi hamarkada espetxean eman ostean. Frantziar Estatuan ia zortzi urtez izan zuten kartzelan eta hamabi gehiago bete behar izan ditu Estatu espainolean.

Josu Ginea Sagasti preso larrabetzuarra etxera itzuli zen atzo goizean, 20 urteko espetxealdia amaitu ondoren. Basaurin bete ditu zigorraren azken hilabeteak eta bertatik atera zen aske, Etxerat elkartetik GARAri baieztatu ziotenez.
2002. urtean atxilotu zuten Josu Ginea Sagasti Estatu frantsesean, beste sei lagunekin batera, eta bertan kartzelatu zuten. Parisko auzitegi bereziek ezarritako zigorra bete ostean, 2010. urteko apirilean Espainiaratu egin zuten, Xabier Atristainekin batera.
Aski ezaguna da Atristainen kasua: orduan askatu egin zuten eta hortik gutxira atxilotu zuen berriz Guardia Zibilak. Aldiz, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia zigortu berri du Atristaini «prozesu justu eta ekitatezkoa» izatea eragotzi ziolako, ez baitzion inkomunikazio aldian konfiantzazko abokatu bat aukeratzen utzi. Ondorioz, kalean da otsailaren 17tik.
Mila kilometrora
Josu Gineak etxetik oso urrun bete behar izan du Auzitegi Nazional espainiarrak ezarritako kartzelaldiaren zati nagusiena: Almerian, hain zuzen, etxetik mila kilometrora. Egoera hori salatu zuen Larrabetzuko Udalak 2016an, Sarek aurkezturiko mozioa onartu ostean. Are, Ginearen lagun batzuek auto istripua izan zuten 2011n, presoari bisita egin ondoren Euskal Herrira bueltan zirela. Atxilotua izan aurretik bere herriko zinegotzia izana zen Ginea, Euskal Herritarrok taldea ordezkatuz.
Almeriatik Leongo Mansillara lekualdatu zuten 2019an –gertuago, etxetik 360 kilometrora–, Gobernu espainolak abiatutako euskal presoen hurbiltze prozesuaren barruan. Espetxealdiaren azken hilabeteak Euskal Herrian eman ditu, Basaurin.
Azkenean, 44 urte beteta dituela atera zen atzo goizean espetxetik Josu Ginea Sagasti larrabetzuarra, 2002an atxilo hartu zutenetik bi hamarkada gatibu igaro eta gero.

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
