Langile bat hil da Zamudion, istripu ez-traumatiko batean
Zamudioko Ingemat enpresako langile bat lan-istripu ez-traumatiko batean hil zen joan den apirilaren 9an, LABek jakitera eman duenez. Sindikatu abertzaleak adierazi du Euskal Herrian gutxienez 17 langile hil direla 2022an, lanean edo lanaren ondorioz.

Joan den apirilaren 6an 56 urteko langile bat hil zen Zamudioko Ingemat enpresan izandako istripu ez-traumatiko batean, LABek atzo jakinarazi zuenez. Egun horretan bertan Santoñan istripu ez-traumatiko batean hil zen Hondarribiko arrantzale bat, berdelaren kanpainan zebilena.
Sindikatuaren arabera, aurten gutxienez 17 langile hil dira lanean edo lanaren ondorioz; horietako hiru istripu ez-traumatikoetan.
LABek babesa eta elkartasuna adierazi zien zendutako langilearen senitarteko, adiskide eta lagunei, eta azpimarratu zuen «traumatikoak ez diren istripuak lan-istripuak» direla: «Ez dira kasualitatez gertatzen lan-ordutegian, ez zorte txarragatik, ez halabeharragatik, enpresaburuek dioten bezala».
Sindikatu abertzalearen arabera, «frogatuta dago lan-baldintzak, presioa eta estresa funtsezko faktoreak direla istripu kardiobaskularretan, eta horiek bihurtu direla laneko istripuen kausa nagusia. Urtero, istripu guztien %25 baino gehiago ez-traumatikoak izaten dira, eta, aurten jada 3 langile hil dira kausa horren ondorioz».
Adierazi zuenez, istripu horren eta «lan-istripu guztien» atzean «langile-klasearen lan- eta bizi-baldintzak daude, nahiz eta horiek faktore anitzekoak izan. Lan-baldintza txarrek, hala nola lan-erritmo altuak, presioak edo lanaldi luzeak, estresa eta bestelako gaixotasun kardiobaskularrak eragiten dituzte, eta horrek patologia ugari eragiten dizkie langileei».
«Lana eta bizitza duina izateko eskubidea dugu. Lanetik osasuntsu eta bizirik itzultzeko eskubidea dugu. Lan-istripuak ez dira gertakari isolatuak, produkzio-eredu baten isla dira, non ekonomia den nagusi, langileen osasunaren eta bizitzaren gainetik», azpimarratu zuen sindikatuak ohar batean.
Santoñan hildakoa
Zamudioko behargina hil zen egun berean, apirilaren 6an, Hondarribiko arrantza-ontzi bateko 51 urteko langile bat hil zen bihotzekoak jota Santoñako uretan, berdelaren kanpainan lanean ari zela. Ordukoan ere LABek salatu zuen lan-istripu ez-traumatikoen atzean lan-baldintzak daudela, eta, horregatik lan-eredu berri bat aldarrikatu zuen, «bizitza duina, lana eta osasuna» erdigunean jartzeko.
Heriotza hori salatzeko, bihar, gehiengo sindikalak mobilizazioa deitua du Hondarribian, “Prekaritatea hiltzailea, lan-istripu gehiagorik ez” lemapean. 11.30ean izango da, Kofradian.

«La maternidad nos da la oportunidad de aprender a mirar a nuestra niña interna»

Sabin Etxea fía ahora a un juez la resolución de su crisis en Getxo

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»
