Ander ZABALZA
BILBO

Hari Gorriak lehengo eta oraingo borrokak aldarrikatuko ditu Bilbon

Bizkaia borroka lurraldea izan dela «eta oraindik badela» aldarrikatuko du Hari Gorriak Bilbon, datorren ekainaren 18an. Ekimeneko kideek adierazi dute duela 85 urteko borrokak egun ere irauten duela eta argi utzi dute orduko borrokalarien «hari gorria» segituko dutela.

Bizkaia Hari Gorria ekimena Durangon jaio zen duela hilabete eta atzo aurkeztu zuen bere burua Bilbon egindako ekitaldi batean. Ekainaren 18an Bizkaiko hiriburuan «hitzordu berezia» izango dela jakitera eman zuten, gainera. Atzoko aurkezpen ekitaldian Aritz Argotek eta Maialen Cuevasek parte hartu zuten eta beraiekin batera Jose Ramon Etxebarria, Tasio Erkizia, Lola Gomez, Es- ther Lopez eta Txutxi Ariznabarreta izan ziren, aurkezpenik behar ez duten zenbait arlotako borrokalari erreferenteak.

Ekimeneko kideek «Bizkaia borroken lurralde izan dela eta badela» aldarrikatu zuten. Memoria aldarrikatu eta iraganeko borrokek egun ere irauten dutela adierazi zuten; «gaurko lubakia xenofobiari, arrazismoari, homofobiari, matxismoari aurre egitea da», aldarrikatu zuten.

«Gure historian emandako borrokek zentzu osoa ematen diete gaurko mugimendu feministaren eraginari, pentsiodunen erresistentziari, osasun sistema publikoaren defentsari, Korrikari edo langileen eskubideen aldarrikapenei», zerrendatu zuen Argotek.

Ideia horri heltzen dio Bizkaia Hari Gorriak. Bizkaia hainbat gertaeraren «subjektua» izan dela defendatu zuten, objektua baino. Marka historikoek irakasgai ugari eskaintzen dituztela adierazi zuten, eta orain «duela 85 urte bezala», eskuin muturrak dakartzan «gorroto ideien aurrean antifaxismoaren balioez ohartzea» dagokigula nabarmendu zuten. Horregatik, ekainaren 18an, Bilbo frankisten esku erori zen egunaren bezperan, hirian ekimen bat aurrera eramango dute. Mobilizazioa eta jai giroa uztartuz, duela 85 urte Bilboko jendea zapaltzen saiatu zirenek ez zutela lortu erakutsi nahi dute.

«Borroken lurraldea»

Cuevasek azken hamarkadotan isilean lanean aritutako kideak goraipatu nahi izan zituen, borrokaren jarraipena irudikatzen baitute: «Hamarkada ezberdinetan, modu anitzetan, frankismoaren aurrean, 78ko Erregimenak ezarritako giltzarrapoaren gainetik eta ilegalizaturiko ideien defentsan herri eraikuntzan» aritutako pertsonak izan zituen gogoan, komunitatearen eta nazioen emantzipazioaren alde egindako ekarpena txalotuz.

«Gure herriaren atzoko, gaurko eta biharko jarduna ezin dugu ulertu Ezkerraldeko Labe Garaien borrokarik gabe, Lemoizeko zentral nuklearren edo Erandioko kutsaduraren aurkako protesta barik, gune urbanoetan euskara errotzeko egindako ahaleginak kontuan izan gabe, Basauriko 11k, Euskalduna... gogora ekarri gabe», azaldu zuen Argotek.

Halaber, apirilaren 14a eta 17a ekarri zituzten burura, Dolores Ibarruri buruzagi komunistarekin eta Jose Antonio Agirre lehendakariarekin batera: «Eibarreko aldarrikapena, Gernikako Arbola; ‘Denok ez dugu berdin kontatzen historia’ zioen Ken Zazpik, eta egia da». Euskal errepublikaren eraikuntza «eskubide guztiez hornituriko pertsona askeez egina» izango dela esan zuten: «Bizkaia borroken lurraldea izateak itxaropentsu egiten gaitu. Izen barik joan zirenengandik gaude hemen».