Kotte Ezenarrok bukatutzat eman du Hendaia Biltzen-ekin zuen akordioa
Hendaiako alkateak, Kotte Ezenarrok, duela bi urtetik Udalean ardurak zituzten Hendaia Biltzen taldeko hautetsiak baztertu ditu. Lehentasunen eta itunen gaineko desadostasunek ekarri dute 2020an berritutako aliantza puskatzea. Etxebizitzaren afera izan da tirabira gehien eragin dituena. Ez Hendaian soilik. Ezenarrok alokairu turistikoen ugaltzea gelditzeko Euskal Elkargoan izan duen jarrera disidentearekin «traizionatua» sentitu da Alda! kolektiboa ere.

Azken udalbatzetan jada agerikoak ziren Hendaia Biltzeneko hautetsien eta Kotte Ezenarro sozialista buru duen eta Hendaiako Udalean gehiengoan den ezker anitzaren arteko desadostasunak. Eta asteartean, azkenik, bere erabakia azaldu zuen Euskal Elkargoko presidenteorde ere baden alkateak.
Muturreko egoera bat bizi izan zuen martxoko azken udalbatzan: abertzaleen jarrera kritikoaren aitzinean, eztabaida eten behar izan zuen kontuak aurrera ateratzeko nahiko boto zuen egiaztatzeko.
Asteartean kaleratutako agirian, alkateak agertu zuen lau ordezkari kargutik kentzea erabaki duela. Horrez gain, datorren udalbatzan, apirilaren 27an, Hendaia Biltzeneko bi alkateorde baztertzea proposatuko du. Aurreko legegintzaldian sozialistak gehiengoari eutsi zion Hendaia Biltzenekin batuz, 2014ko hauteskundeen ondotik sinatutako itunari jarraituz.
Zehazki, Hendaiako alkateak jakinarazi zuen Celine Cotinat alkateordea, mugikortasun, zirkuitu labur eta elikadura subiranotasuneko arduraduna, kargutik kenduko duela, baita Claire Legardinier ere, lurralde garapeneko eta ekonomia sozial eta solidarioaren aldeko arduraduna.
Esplikatu zuenez, 2020ko udal hauteskundeen ondoren udal berria osatu zenetik Hendaia Biltzenekin «konfiantza galtzen» joan da pixkanaka. Oroitu zuen talde abertzaleak lehenbiziko aurrekontuen atal batzuen kontra bozkatu zuela. Udaletxearen kanpoaldean mobilizazio bat ere egin zen 2021eko martxoan, kontuak onartzeko eztabaidarekin batera, adostutakoak betetzeko benetako konpromiso bat eskatzeko, besteak beste, elikadura subiranotasunaren eta etxebizitza sozialen auzietan.
Ondoko prentsaurreko batean, 2021eko apirilean, Hendaia Biltzeneko hautetsiek «etsigarritzat» jo zuten Ezenarro buru duen Udal Gobernuaren etxebizitza plana (PLU).
Ezenarroren eta Letizia Navarronek gidatutako zerrendaren artean akordioa lortu zenean, Hendaia Biltzeneko kartelburuak konpromiso hartan ezarritako lehentasunak azpimarratu zituen. Etxebizitzaren afera goi-goian zegoen, eta legegintzaldiko bi urteotan tirabira gehien eragin dituen auzia izan da.
Ez Hendaian soilik. Ezenarrok alokairu turistikoen ugaltzea gelditzeko araudiaren inguruan Euskal Elkargoaren barrenean izan duen jarrera disidentearen ondorioz, Alda! kolektiboak salatu zuen Hendaiako alkate sozialistak «gazteria eta herri klasea traizionatu» zituela.
Nekazaritza lurren berreskurapenarekin lotutako jarrerak ere desengainua eragin du. Hain zuzen ere, baratzeko ekoizpena segurtatu eta Legarralde eta Molereseko lursailetako zirkuitu laburrak elikatzeko asmoa zuen berreskuratze horrek.
Desafio bat, alkatearen arabera
Alkate sozialistaren iritziz, joan den martxoan talde aliatuak 2021eko aurrekontuetan ez bozkatzeko hartu zuen erabakia «desafio bat» izan zen. Hori izan zen berarentzat edalontziak gainezka egitea eragin zuen tanta.
«Kanpoko aginduen arabera jokatzea» egotzi zien Hendaia Biltzeneko hautetsiei. «Beregan zentratzea» leporatu izan dio orain arteko bazkideak eta Udal Gobernua biltzen zuela esanez defendatu zen Ezenarro. Udalbatza baino hamar egun lehenago, alkatea eta alkateordeak batzen ziren, gero bozkatuko ziren gaiez erabakitzeko.
Alkateak baieztatu zuen gidatzen duen Udalaren gehiengoak abertzaleekin sinatutako hauteskundeetako akordioak jasotzen zituen zortzi puntuak bete dituela edo horretarako konpromisoa hartu duela.
Hendaia Biltzenen azalpena
Hagitz bestelakoa da Hendaia Biltzenen zerrendaburuaren, Letizia Navarronen, eta bere bost kideen iritzia. «Erabateko elkarrizketa falta eta oinarrizko gaietako desadostasuna» azpimarratu dituzte. Egoera aztertzeko datorren asterako ezarritako bileraren esperoan, Hendaia Biltzeneko hautetsiek ohar bat partekatu dute jarraitzaileekin. Bertan, argi eta garbi utzi dute ez dutela Udaleko gehiengoari lotuta segitu nahi. Erantsi dutenez, alkateak eurekin elkartzeari behin eta berriz uko egin izanak erabaki hori saihetsezin bihurtu du.
Aitortu dutenez, «nekatuta» daude babestu dituzten proiektuak martxan daudela aditzeaz, ez direlako zehazten. Porturako inbertsioekin gertatzen da hori, baita aipatutako Moleres eta Legarralderekin ere.
Ingurugiroa babesteko politiken faltagatik ere etsita daude, kostaldearen higadurari aitzin egiteko eta herriguneko trafikoa moteltzeko neurriak hartzeko ezintasunarekin, adibidez.
«Boto emaileekin eta hendaiar guztiekin ditugun konpromisoei eutsiko diegu», nabarmendu du Navarronen taldeak alkatearen erabakiaren berri hedabideen bidez jakin eta gero.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
