Lakuak AHT Bilbora sartzeko lanen kudeaketa-agindua onartu du
Gasteizko Gobernuak AHT Bilbora sartzeko lanen kudeaketa-agindua arautzeko hitzarmena sinatzea onartu du. Orain, lan horiek Euskal Trenbide Sarearen esku geratuko dira. Aurreikusitako aurrekontua 220,3 milioi eurokoa da.

Abiadura handiko trena (AHT) Bilbora sartzeko lanak kudeatzeko agindua arautzen duen hitzarmena sinatzeko baimena eman zuen, atzo, Gasteizko Gobernuak. Akordioa Espainiako Gobernuak eta Adif-ek sinatu beharko dute, eta zehazten du Lakuak, Euskal Trenbide Sarearen (ETS) bidez, proiektua idatzi eta 6,2 kilometroko tunela egingo duela. Tunela Zaratamotik hiriburuaren erdigunerainokoa izango da.
Gobernu Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak zehaztu zuen hitzarmenak (zortzi urteko epe luzagarria ezartzen du) Lakuaren esku uzten dituela Bilboko geltokiko beheko mailako korridorearen eraikuntza-proiektua eta, horrekin batera, obrako zuzendaritza-lanak egiteko mandatua, beste esleipen batzuen artean.
Tarte hori informazio azterlana behin betiko onesteko dago, ingurumen eraginaren azterketaren zain. Lan honen kostua ezagutzeko beharrezko pausoa da, baina, kalkuluen arabera, 220,3 milioi euroko gastua izango du. Zenbatekoa Lakuak aurreratuko du eta kupo bidez beharrezko murrizketak egingo dira exekuzio gastuak konpentsatzeko.
Adif erakundeak, berriz, gainkostuaren eta instalazioen 52,68 milioi euroak ordainduko ditu.
«Hitzarmen honen baimenarekin beste pauso bat eman dugu», adierazi zuen Arriolak, eta azpimarratu zuen bere asmoa «ahalik eta lan gehien aurreratzea» dela. Beraz, hitzarmena sinatzen den unean, «ETSk eraikuntza-proiektua idazteko lizitazioari ekiteko lanak hasiko ditu».
«Denbora beharko du»
Arriola sailburuak ez zuen data zehatzik eman. «Aurten informazio-azterketa onetsita egotea espero dugu», adierazi zuen. Gero nabarmendu zuen, hala ere, kudeaketa-aginduak 2022tik 2029ra bitarteko denbora beharko duela: «Hori da kudeaketa-gomendioan aurreikusitako exekuzio-denbora, eta horrek ez du galarazten AHTren zerbitzua lehenago abian jartzea, Basaurin behin-behineko geltoki bat egotea ere aurreikusten baita».
Halere, Iñaki Arriolak berak onartu zuenez, eraikuntza-proiektua idazteak «denbora beharko du, eta denbora garrantzitsua izango da, proiektu hauek ez baitira egun batetik bestera egiten».
Geltoki berriaren finantzaketari eta Bilboko lanen lur azpiko integrazioari dagokienez, Lakuako sailburuak enkargu bat egin zion Bizkaiko Foru Aldundiari, zeinak ez duen proiektuan parte hartzen: «Gaur egun, Arabako eredua daukagu, non Estatuak %50eko partaidetza baitu, Eusko Jaurlaritzak %25ekoa, eta Arabako erakundeek, kasu honetan Aldundiak eta Udalak, %25ekoa. Eta, nire ustez, Bilbon lankidetza-hitzarmen bat sinatu beharko litzateke Espainiako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko edo Bilboko erakundeen artean».

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
