Goizeder TABERNA-KAZETA

Hauteskunde legegileetarako eskuineko hautagaitzak, argitzen

Vincent Bru, Annick Trounday, Gabrice Bach edota Bertrand Soubelet prest dira frantziar hauteskunde legegileetarako. Aldiz, haien alderdien oniritziaren zain daude gehienak.

Egin berri diren frantziar presidentetzarako bozek ekainaren 12an eta 19an izanen diren legebiltzarrerako bozei begira jarri ditu hainbat politikari. Batzuek apirilaren 24ko bigarren itzulira zain egon gabe ekin zioten lanari eta beste batzuk, berriz, biharamunean bertan hasi ziren prozedurak abian jartzen. Dagoeneko bere hautagaiak aurkeztu dituen EH Bai salbu, gainontzeko ezkerreko alderdiak eztabaida betean dira uneotan boz horietara nola aurkeztu deliberatzeko. Anartean, eskuinean, Euskal Herriko hiru barrutiei begirako hautagaiak hasi dira agertzen.

Modemi lotutako Vincent Bru seigarren barrutiko jarduneko diputatua eta Errepublika Martxaneko Annick Trounday kontseilari departamentala, hurrenez hurren, seigarren eta laugarren barrutietarako prest dira. Barne mailan lehiakideren bat izatea bazterturik, Emmanuel Macronen izendapenaren zain dira. Egun Florence Lasserre (Modem) diputatu den bosgarren barrutiari dagokionez, iduriz Macronek aukera ezberdinen artean trenkatu beharko du.

Jean-Rene Etchegaray

Joan den uztailean bere hautagaitzaren iragarpenarekin urrats bat egin ondotik isiltasun luze batean den Lasserrek bi lehiakide izan ditzake, Mediabasken arabera.

Jean-Rene Etchegaray Baionako auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakariaren eta bere axuanta den Deborah Loupien-Suaresen izenak aipatuak dira. Baina bietariko inork ez du baieztapenik egin oraingoz.