Andoni TOLOSA “MORAU”
Musikagilea

Orri zuria

Orri zuri bat orri zuri bat da: zirriborratu beharreko espazioa, osatu beharreko tartea, oraindik, sortu gabeko unea... Hitzak elkarren ondoan juntatzea betebehar edo afizio duen edonori gertatzen zaio: berdin dio bulegaria ala zutabegile eskasa izan, idazle ospetsu ala opor lasaiak nahi baditu azterketa ongi erantzun beharra duen ikaslea... Erronka da denentzat, alajaina, mahaian zabaldu edo pantailan ireki berri duzun koordenada jakinik gabeko galdegai horren tamainako erantzunak bilatzen hastea. Nobela ala eskela, txostena ala poema, bertsoa ala ohartarazpena, kantua ala poema. Idaztea beti da idaztea, eta idazleak ongi bete nahi badu lana, burutu beharko du anbizioaren, edo helburuaren, tamainako ahalegina.

Ildo horretatik, osasuntsua iruditzen zait zalantzan jartzea idazmenaren inguruan idazleei aitortzen diegun monopolio artistiko eta funtzionala. Jende askok idazten du, eta askotariko helburuak ditu idazketa horrek, eta ez beti mundu akademiko-literarioarekin lotutakoak. Are gehiago, askotan, ez da egiten asmo estetiko-artistikoren bati erantzunez, eta testuinguruari erreparatuta, gainera, idatzitako horrek zerikusi handiagoa du, askotan, irudi edo ahozko hizkuntzekin, idatzizkoarekin baino. Baina horrek ez du gutxitzen idatzi horren balioa, ezta idazteko ekintzaren sofistikazio/inplikazio-maila. Poema bat idaztea ez da kantu bat idaztea baino zailagoa. Baina komeni da ez idaztea kanturik, poema bat idazten ariko bazina bezala, poema onekin oso kantu txarrak egiten dira eta.