GARA
BERLIN

1973ko krisitik inflaziorik altuena du Alemaniak (%7,9)

1973ko «Petrolioaren krisia» izenekotik, inoizko inflaziorik altuena du Alemaniak, %7,9koa. Horrela nabarmendu du Destatis estatistika institutu federalak. Igoera horren arrazoia Ukrainako gerrak eragindako erregaien prezioen gorakada dela nabarmendu dute.

Azken hamabi hilabeteotan %7,9ko inflazioa izan dute Alemanian. 1973. urtetik ez ziren horrelako zenbakiak ikusten. Egoera okerrera doala esan daiteke, apiriletik maiatzera prezioak %0,5 igo baitira. Gauzak horrela, apirileko %7,4ko inflazioa aipaturiko %7,9ra heldu da. Dena den, maiatzari dagozkion datu hauek behin behinekoak dira. Ekainaren 14an emango ditu behin betikoak Destatis estatistika bulego federalak.

«Ukrainan gerra hasi zenetik, energiaren prezioak, batez ere, nabarmen igo dira eta eragin esanguratsua daukate inflazio maila altuan», nabarmendu du estatistika bulegoak.

Zehazki, energiaren prezioek %38,3 egin dute gora aurtengo maiatzean iazkoarekin konparatuta. Jakien prezioak ere batezbestekoaren gainetik hazi dira: %11,1.

Destatisen arabera, prezioen igoerak bata bestearen atzetik datoz. Gauzak horrela, jarduera ekonomikoaren alor desberdinetara hedatzen ari dira. Horri koronabirusaren pandemiaren eraginez hornikuntza kateak eten zirela erantsi behar zaio, prezioek gora egitearen joera indartuz.

Alemaniako estatistika bulegoak gogoratu duenez, inflazio maila hauen parekorik ez da izan 1973/1974ko negutik. Garai hartan “petrolioaren krisia” delakoa izan zen, eta erregaien prezioek nabarmen egin zuen gora jarduera ekonomikoa itota.

Estatu espainolean, %8,7

Estatu espainolean ere atzo eman zuten maiatzeko urtebeteko inflazioaren datua eta txarra izan zen: %8,7koa. Gauzak horrela, %0,8ko igoera izan dute prezioek apiriletik maiatzera Estatu espainolean.

INE estatistika institutuaren arabera, igoera horren arrazoi nagusia erregaien, jakien eta alkoholik gabeko edarien prezioen gorakada izan da –aurreko urteko maiatzarekin alderatuta–. Elektrizitatearen prezioak, hala ere, joan den maiatzetik jaitsi egin dira.