GUTUNAK

Agur Alberto Atxotegi «Luxia»

Juani Azurmendi eta Paulo Iztueta

«Luxiak laga gaitu» esanez eman zigun bere emazte Edurnek bere heriotzaren berri. Erreferente historiko bat izan da guretzat Euskal Herriak bere askatasun osoaren aldeko borrokan daraman ahaleginean. Bideraturik dagoen oroitzapen kolektiboan gordeko da bere izena.

Elkar-ezagutzak erbestean egin genituen 1970eko hamarkada-hasieran, ezker abertzale historikoan arrakala sakonak sortu zirenean, eta geroztik harreman estuak izan ditugu Iparraldeko zein Hegoaldeko herri-ekimen politiko, kultural eta linguistikoetan parte hartuz. Kezkaz bizi izan zituen azken garaiak. Beti zegoen prest esku bat botatzeko beharrean zeudenen alde, batez ere kartzelatu eta jazartuen alde. Non zapalkuntza, han egongo zen Luxiaren ahots salataria prentsako orrialdeetan. Inork gutxik bezala lotzen zituen, maisuki lotu ere, Iparraldeko eta Hegoaldeko egoerari buruzko kronika politikoak. Josu Urrutikoetxea adiskideari eskaintzen dion artikuluan garbi ageri da Otegik, Egigurenek-eta abiatua duten bidetik doazela bere aukerak, betiere zailak.

Bere ekarpenenetan izpiritu kritikoa erakusten zuen, ironia-puntu sano bati ukorik egin gabe. Bere artikulu hautatu batzuen argitalpena Utriusque Vasconiae argitaletxeak egin zuen “Hojas del árbol caídas” (2017) liburuan. Izenburua, berak adierazi zigun bezala, Jose de Esproncedaren poema batetik hartua bide zuen, txikitatik buruz ikasia zuena: «Hojas del árbol caídas/ Juguetes del viento son:/ ¡Las ilusionez perdidas/ ¡ay! Son hojas/ desprendidas/ Del árbol del corazón!».

Bere bizitza irudikatzen zuen zuhaitz hori bere etxe ondoan zeukan landatua, Larhunen babesean udazken-hostoz janzten dena. Hosto lur bilakatuek elika dezatela gure lagun handiaren izpiritua. Eta adore zuri, Edurne gogoratua.