«Pauso bat gehiago» eman dela esan dute desagertutako ikasleen senideek

Ayotzinapako 43 ikasle desagertuen senideek atzo hitz egin zuten lehen aldiz, aurreko astean Egiaren Batzordeak txostena plazaratu ostean. Atxilotutako Jesus Murillo Karam fiskal nagusi ohiak epailearen aurrean deklaratu eta honek behin-behineko espetxealdian jarrai dezala erabaki eta gero hitz egin zuen komunikabideen aurrean Cristina Bautistak, Benjamin Bautista desagertuaren amak. «Pauso bat gehiago da guretzat, baina nahi duguna egia osoa ezagutzea da, eta justizia egin dadila», esan zuen.
«Ez zaigu jendea espetxeratzea gustatzen, nahi duguna egia da, beste pertsonak animatu daitezela hitz egitera, eta gure semeak non dauden jakinaraz dadila. Topatu arte jarraituko dugu», adierazi zuen Bautistak.
Bere ondoan, senideen abokatu Vidulfo Rosales epaitegiaren erabakiaren gainean mintzatu zen: «Epaileak modu objektiboan baloratu ditu fiskaltzak aurkeztutako probak, eta behartutako desagertzearen delitua egin zela ondorioztatu du. Gertatutakoa ikerketa anker batekin estali zela ikusi du, desagertutako ikasleen kokapena ezkutatuz».
12 ordu iraun zuen
Murillo Karamen deklarazioak. Egiaren Batzordearen txostenaren arabera, fiskal nagusi ohia izan zen “egia historikoa” deitu izan den kontakizun ofizial faltsuaren arduradun nagusia, benetako ikerketa galarazi zuena eta gertatutakoa ezkutatu zuena.
Atxilotuak bere burua defendatu zuen, txostenaren eta aspaldi ezagutzen diren ebidentzia guztien kontra: «Akats batzuk onar ditzaket, gauza batzuk gaizki egin zirela eta hobeto egin zitezkeela, baina [‘egia historikoa’] ezin izan dute gezurtatu».
Ordu ugari deliberatzen eman eta gero, epaileak desagertzeengatik «Murillo prozesatzea» erabaki zuela iragarri zuten hainbat komunikabidek asteazken arratsaldean. Beranduago, gauean, epaileak bere erabaki ofiziala iragarri zuen: behin-behineko espetxealdia gutxienez 90 egunerako. Neurria justifikatzeko, Murillo Karamen baliabide ekonomiko ugariak aipatu zituen, ihes egiteko arriskua handia dela argudiatuz.

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
