Aramendi: «Etorkinak elizan atxilotzea jauzi salagarria da ikuspuntu etikotik»
Frantses Polizia Urruñako San Bixintxo elizan sartu zen atzo arratsaldean bertan aterpea bilatu zuen migratzaile talde bat atxilotzeko. Hamar bat etorkin atzeman zituen. Filipe Aramendi auzapezak gertatutakoa deitoratu du.

Frantses Polizia Urruñako San Bixintxo elizan sartu zen atzo arratsaldean, bertan aterpea bilatu zuen migratzaile talde bat atxilotzeko. 13.45ak aldera, hiru autotan heldutako poliziak elizara bertaratu ziren eta orotara hamar bat migratzaile atzeman zituzten, operazioa bertatik bertara ikusi zuten hainbat oinezkok azaldu zutenez. Hain zuzen, polizia operazioa martxan zelarik Bernard de Coral karrikatik pasatu zen herritar bat elizatik metro gutxira dagoen Herriko Etxera bertaratu zen berehala gertatukoaren berri emateko.
«Herritar horrek erran digu leku pribatuan izanik pentsatzen zuela ezin genuela deus esan polizia operazio horren aurrean, baina, azaldu diogunez, juridikoki eliza ez da toki pribatu bat, eraikin hori herriarena da, eta, ikuspuntu horretatik soilik aintzat harturik, guztiz hunkituak sentitzen gara», azaldu zion Filipe Aramendi Urruñako auzapezak GARAri.
Ildo beretik, hautetsi urruñarrak gogor deitoratu zuen herrian gertatutakoa. «Ikuspuntu juridikotik haratago, sinbolikoki, humanoki, baita etikaren aldetik ere, herritar askorendako toki sakratua den eliza batean polizia sartzea pertsona batzuk atxilotzeko jauzi bat da, eta horrela behar dela salatu uste dugu», gaineratu zuen irmo.
Martxoan urruñar bi deklaratzera ditu
zituzten migratzaileekiko elkartasunez jarduteagatik. Beraz, ez da lehen aldia frantses Poliziak migratzaileen aurkako operazioa ikusgarriak egiten dituela Lapurdiko herrian.
Oroitzearren, iragan martxoaren 5ean bost migrante atzeman zituen frantses Poliziak Urruñako herriko plazan, herritar batek auto batean hartu zituenean Baionara eramateko. Poliziak ez ezik, “Vigipirate” dispositiboaren partaide diren militarrak ere bertaratu ziren Urruñara, eta herriko plaza okupatu zuten. Horren aurrean, dozenaka herritar karrikara atera ziren martxoko polizia operazioa salatzeko eta, bide batez, bai etorkinei baita beraien sostenguz jardun zuten ama-alabari elkartasuna adierazteko.
Urruñako CCAS ekintza sozialerako zentroko arduradun eta auzapezorde den Daniele Bideondok eta bere alabak biharamunean joan behar izan zuten deklaratzera PAF Aire eta Mugetako Poliziak Hendaian duen egoitzara. Bertan, ogibidez abokatu den Urruñako auzapezaren babesa jaso zuten. «Orduan elkartasunagatik migranteak laguntzen dituzten boluntarioak eraman zituzten, gaur ez dute herriko inor eraman, baina etorkin talde bat atzeman dute eta horren aurrean gure mezua berdina da: horrelako polizia operazioekin ez dute migrazioaren afera konponduko», adierazi zuen atzo auzapezak.
Aramendik gaineratu zuenez, atzo bezalako operazioekin frantses Barne Ministerioak «kanporaketen zifrak ahal ditu emendatu», baina «mugan aspalditik den tragedia ez da desagertuko». Migrazioaren erronkari beste ikuspegi batetik heltzeko aldarria berretsi zuen, norabide politikoa aldatu ezean gazte horiek behin eta berriro saiatuko direlako muga gurutzatzen, «beren bidea jarraitzeko, arriskua hartuz atxilotuak izateko edo, batzuetan, maluruski, beraien bizitza galtzeko ere».

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
