Andoni TOLOSA “MORAU”
Musikaria

Paradigma(k)

Zein ote da Euskal Herriko paradigma musikala? Ba ote dago? Eta baldin badago, bakarra al da? Bai, noizean behin, gai sakonekin berotzen dut kaskoa. Aldatzen ari al da/dira paradigma hori(ek)? Nork ezarriak da/dira? Erantzunaren bide beretik dator galdera-saldoa. Eskerrak, Wikipediak arnasa pixka bat eman didan; «Paradigma: egoera jakin batean jarraitu beharreko modelo, patroi edo adibideari deritzo»... A bale, paradigma kortsearen moduko zerbait da, eredu jakin batera hurbilarazteko gure jokabidea, pentsaera, bizimodua eta, ondorioz, sormena marruskatzen dituena (bai, bai ordena horretan).

Zerrendatzen hasi naiz burura datozkidan EHko musikaren paradigmak, eta zenbait zerrendatu ditut segidan: ‘guk mundua aldatuko dugu’ paradigma, ‘ni euskaldun zintzoa naiz’ eredua, ‘telebistak maite nau eta zer’ moldea, ‘en castellano por favor’ patroia, ‘zuek ez dakizue baina kristorena gara’ jarraibidea, ‘neu naiz munduaren erpin ia-ia bakarra’ jokamoldea... Hauek jasotzen ari nintzen bitartean, ohartu naiz, gainera, paradigma berriak sor litezkeela dagoeneko zerrendatutako hauek uztartzen hasita. Imajinatu zein izan daitekeen ‘ni euskaldun zintzoa naiz’ ereduaren eta ‘en castellano por favor patroiaren uztarketaren emaitza. Paradigma, eta azpi-paradigma bakoitzak musika egiteko modu bat, edo gehiago, definitzen baditu... a ze saltsa! Baina baikorra naiz, historian ez da sekula santa hainbeste musika hainbeste estilotan egin euskaraz. Entzun eta kantatu? A... hori beste kontu bat da.