Maite UBIRIA
BAIONA

Azterketak Euskaraz itxaropentsu gaur Parisen iraganen den bilkurari begira

Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) ordezkariek eta Parisen jarduten duten euskal hautetsiek hitzordua izango dute gaur 14.30etik aurrera Hezkuntza Nazionaleko ministroaren aholkulariekin. Seaskak egin bezala, Azterketak Euskaraz kolektiboak, auziari aterabidea emango zaiolakoan, itxaropena agertu zuen bileraren bezperan.

Hezkuntza Ministerioak Baionan duen Ikuskaritzan okupazioa egin zuten iragan ekainean.
Hezkuntza Ministerioak Baionan duen Ikuskaritzan okupazioa egin zuten iragan ekainean. (Guillaume FAUVEAU)

Frantziar Hezkuntza Ministerioan izandako aldaketak azterketen auziari konponbidea emateko hobekuntza ekarriko duen fite jakinen da.

Gaur 14.30ean hitzordua izango dute Antton Kurutxarri lehendakari buru duen Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) ordezkaritzak eta Parisen jarduten duten bost euskal hautetsik. Pap Ndiaye ministroaren kabinetearen ordezkariak izanen dituzte aurrean.

Hezkuntza Nazionaleko ministro berriak Grenelle karrikako egoitzan bere aurrekoa izan zen Michel Blanquerrek berpiztutako gatazka konpontzeko, edo bederen giroa baretzeko, aukera izanen du.

Hizkuntza gutxituei oinarrizko babesa emateko Paul Molac diputatu bretoiaren bultzadapean frantziar Asanblea Nazionalak onartu zuen legeari kontra egin zion Blanquerrek, Kontseilu Konstituzionalean Errepublika Martxan alderdiko hainbat diputatuk ezarritako helegiteari hauspoa emanez.

Borroka eta negoziazioaren bidez, azterketak euskaraz egin ahal izateko Seaskak azkeneko hamarkadetan lorturiko aitzinamenduak arriskuan eman zituen, bestalde, bere agintaldian Blanquerrek.

Horren ondorioz, Paueko Administrazio Auzitegira jo zuten, lehen aldikoz, Ipar Euskal Herriko ikastolek.

Anne Bisagni-Faure Bordeleko errektoreak ikasturte berria hasi aurretik igorritako gutuna irakurri besterik ez dago murgiltze ereduaren bilakaera zirt edo zart egiteko unean dela konturatzeko.

Gehienez klase orenen erdia ahal dela «eskualde hizkuntzan» eman zioen kolegioetako arduradunei igorritako oharrean errektoreak, Euskal Herrian murgiltze ereduan jarduten duten ikasleen egoera erabat alboratuz.

Finean, lehenengo lepotik burua hasi da ikasturtea. Nahiz eta eskola publikoan euskarazko hezkuntza garatzeko hainbat erabaki baikor jaso diren; esaterako, Ortzaize, Irisarri, Barkoxe eta Urruñan.

Parisen izanen den bilerak murgiltze ereduari zein azterketei buruz norabide berria finkatuko ote duen jakiterik ez dagoen arren, bertan izanen diren euskal hautetsien aldeko konfiantza mezua eman zuen, badira egun batzuk, Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak. Ildo beretik, azkeneko hilebeteetan ekintza anitz egin dituen Azterketak Euskaraz kolektiboa itxaropentsu azaldu zen atzo.

Ikuskaritzaren egoitza

okupatu zuen aipaturiko taldeak ekainaren erdian Baionan, Brebet eta Baxoa probak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko. Lau egunez luzatu zen protesta horren ondotik, Brebet azterketa euskaraz idatziko zuten ikasleei azterketen zuzenketa bermatzeko prozedura bere gain hartu zuen Euskal Elkargoak. Are, emaitzak ezagututa, proba agiria eman zieten Seaskako ikasleei erakundeak Baionan duen egoitzan. Titulu ofiziala ez izanik ere, Euskal Elkargoak keinu sinboliko azkarra egin zuen. Testuinguru horretan, euskal diputatu eta senatariek gaur Hezkuntza Ministeriora bertaratzeko hitzordua eskuratu zuten.

Parisen iraganen den bilkurak «aterabideak eraginen dituela» adierazi zuen atzo, baikor, Azterketak Euskaraz kolektiboak. Agiri batean azaldu zuenez, «ikasturte berri hau indarberriturik abiatu dugu, euskaraz ikasten duten ikasleek azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea azkenean lortzeko itxaropenarekin». Kolektiboak gaineratu zuenez, «borroka azkartuz eta antolatuz, gure aldarrikapena euskal jendartearena dela agerian utzi dugu eta gaur egun gehiengo batek argi du frantziar Gobernuak bere hizkuntza politika diskriminatzailea aldatu behar duela». Hala ere, gaur abiatuko den elkarrizketak aldaketarik ekarri ezean, bere helburuak lortu arte «tinko eta gogotsu borrokatzeko» nahia berretsi zuen kolektiboak.