GARA
BILBO

Betetako 50 urteez harro, elkarlanean ametsak gauzatzeko indarrez da UEU

UEUk mende erdiko ibilbidea ospatu zuen atzo Bilboko Kafe Antzokian bazkide, unibertsitate, erakunde publiko, euskalgintza eta kulturgintza komunitateaz inguratuta. Egindako ibilbideaz harro daude, eta urteurren honek «elkarlanean ametsak gauzatzen jarraitzeko indarra» eman diela adierazi zuten UEUko ordezkariek.

UEUk 50. urteurrena ospatu zuen Bilboko Kafe Antzokian.
UEUk 50. urteurrena ospatu zuen Bilboko Kafe Antzokian. (Monika DEL VALLE | FOKU)

UEUk 50. urteurrena ospatu zuen atzo, etorkizunerako erronkei begira, Bilboko Kafe Antzokian. Erakundearen atzera begirakoa jasotzen duen bideoa eta Hiru Damatxo eta BIRA produkzioarekin batera egindako spot berria ere aurkeztu zituen ekitaldian.

Kepa Sarasola zuzendariak aipatu zuen urteurren hau baliatzen ari direla UEUren proiektu kolektiboa aberasteko, baita geroaz hausnartzeko ere: «Gure ibilbideaz harro gaude. Euskara unibertsitatean modu naturalean erabiltzeko akuilua izan da, euskara teknikoa finkatzeko agentea eta euskarazko etengabeko formazioan erreferentzia. Baina ez gara konformatzen; ametsak gauzatzen jarraituko dugu, elkarlanean».

Jokin Bildarratz EAEko Hezkuntza sailburuak UEUk egindako pausoak aipatu zituen: «Ikasketak, formazioa, ikerketa, zabalkunde zientifikoa, gogoeta... bultzatzen ditu. Ekarpen oso garrantzitsua egin du euskarazko unibertsitate prestakuntza duala bultzatuz irakasleen hasierako prestakuntzaren esparruan, GOI zentroaren bidez».

Hitzaldi nagusia Joseba Sarrionandiak eman zuen, unibertsitateaz eta UEUri buruz duen iritziaz. Jarraian, Pilar Kaltzada kazetari eta UEUko bazkideak UEUrekin lotzen diren hiru belaunalditako ikertzaileak elkarrizketatu zituen: Arturo Elosegi, Rakel Gamito eta Maite Luengo. Haien ibilbide profesional zein pertsonalean UEUk eman dien arnasgunea nabarmendu zuten, baita etorkizunera begira euskara eta akademiaren arteko lotura Euskal Herri osoan bermatzeko duen konpromisoa ere.

Bilboko ospakizun ekitaldia Xabier Amuriza bertsolariak idatzitako eta Oskorrik musikatutako “Euskal Unibertsitatearen koplak” abestuz bukatu zen. Amurizarekin batera, Nerea Zuloaga, Ainhoa Markinez eta Jose Ramon Arbe UEUren Musika saileko kideak aritu ziren kantuan.