Ariane KAMIO
DONOSTIA

Eferbeszentziaren zantzu bat, Belodromoko zitaren aurretik

Fermin Muguruza, erdian, filmean ahotsa jarri duten aktoreek lagunduta, Zurriolan egindako «photocall»-ean.
Fermin Muguruza, erdian, filmean ahotsa jarri duten aktoreek lagunduta, Zurriolan egindako «photocall»-ean. (IMaialen ANDRES | F0KU)

“Black is Beltza II: Ainhoa” protagonista izan zen atzo Donostiako Zinemaldian. Festa itzela izan zen gauean Belodromoan, baina kronika honetako lerroek zortzi ordu lehenago bizitakoa biltzen dute.

Eguerdiko hamabiak jotzeko minutu gutxi falta dira. Donostiako NAIZ Gunean lasaitasuna da nagusi, apenas etxeko bi kazetari, datorren erauntsiaren zain, dagoen barealdia laster amaituko dela jakitun. Kafea eta zigarroa itxaron bitartean eta Zinemaldiari errepasoa bere azken orduetan. «‘Photocall’-ean izango dira oraindik», diotso batek besteari. Eta beste minutu gutxi batzuk itxaronaldian, orain bai, erauntsia badatorrelako.

Lagun kuadrilla izan zitekeen lasai asko, bazkari baten aurretik aspaldi ikusi gabekoen juntadizo informal bat. Irribarreak, besarkadak, hizketaldi espontaneoak. Baina ez, profesional kuadrilla da haiena, eta badatoz NAIZ Gunera, Fermin Muguruza kapitaina buru dela.

Pertsonaien soslaia

Zinemaldiaren baitan egiten diren prentsa agerraldiek gehientsuenetan izan ohi dute kutsu formalista bat, serioa, noizean behin norbaitek bere buruari protokoloa ‘hausteko’ baimena ematen badio ere. Gaurkoak ere badu bere protokoloa, baina ez da inondik inora solemnitateari edo arau hertsiei lotuta egongo.

Dagokion umorearekin -eta azkartasunarekin- hasi du Muguruzak prentsaurrekoa. «Zinemaldiak sari berri bat eman digu! Kartelik ikusiarena! Oso pozik hartzen dugu saria, baina ez dagokigu guri hura jasotzea. Hainbeste lan egiten ari diren kazetari eta argazkilariei emango diegu!».

Banan-banan aurkeztu ditu musikari, zinemagile eta artista multidiziplinar irundarrak filmeko protagonistak. NAIZek Zurriolan duen gunean izan dira Maria Cruickshank, Gorka Otxoa, Ramon Agirre, Itziar Ituño, Manex Fuchs, Antonio de la Torre eta Darko Peric.

Maria Cruickshank jarri da Ainhoaren ahotsean -eta azalean- eta Itziar Ituño, Josunerenean. «Kasu honetan tokatu zait Josuneren azalean sartzea, ‘Egin’ egunkarian kazetaria dena. Oso lan berezia izan zen, zeren gogoratzen dut ez zeudela argazkiak eginda ahotsak sartu genituenean. Amaiera ikusterakoan, irudi batzuk ikusi ditut nik eta mundiala izango da. Ferminek deitu zidanean etxean proiektu batean parte hartzeko izugarria izan zen eta azken emaitza ikusteko desiratzen nago. Etxean sentitzen naiz, nahiz eta bizkaitarra izan (barrez)».

Eta umore ziztada gehiago, orain, Ramon Agirreren partetik. «Nik uste deitu didala gaztetasun puntu bat emateko, adina jaisteko (barrez). Edozein dela ere ni deitzeko arrazoia, ilusio handia egin zidan eta oso pozik nago talde honetan egotearekin».

Kultur arloko hainbat lagunez inguratu da Muguruza “Black is Beltza”-ren baitako proiektu berri honetan. Antzerkiaren eremutik ere jaso du laguntza, Ander Lipusena, esaterako, baita Manex Fuchsena ere. «Erronka aski ederra eskaini diguzue. Kristoren lokomotorra dugu hemen -Muguruzari erreferentzia eginez-. Proiektuak aurrera eramaten ditu, baina erronka hau oso potoloa da. 80ko hamarkada berezi hura bizi izan nuen eta hori eskaintzea gaur egun hori bizi izan ez duten gazte guztiei uste dut sekulako erronka dela eta plazer bat eta ohore bat proiektu horretan parte hartu izana».

Nazioarteko aktoreen parte-hartzea ere badu “Black is Beltza II: Ainhoa” lanak. Esaterako, Darko Peric, Antonio de la Torre eta Ariadna Gilena. «Marseillako zine jaialdian aurkitu nintzen Antoniorekin eta ausartu zen esatera hurrengo filma egiten nuenean abisa niezaiola. Ez zekien non sartzen zen», bota zuen ironiaz Muguruzak. Darko Peric-ek, “La casa de papel” telesaileko Helsinki-k, berriz, hain zuzen azken kapituluak grabatzen ari zirenean izan zuen Muguruzaren proiektuaren berri. «Itziarrekin nengoen eta ea parte hartu nahi nuen esan zidan. 18 urte daramatzat hemen bizitzen eta Kortatu izan zen entzun nuen lehen taldeetako bat».

Belodromoa lehertu aurreko festa izan da goizekoa, baina, amaitu aurretik, ohartarazpen bat. «Oso pozgarria da esatea sold out egin dugula euskarazko pelikula batekin. Baina gaurtik aurrera karta bakar batera jokatzen dugu dena, eta hori zinemetan izango da. Jendearen erantzuna handia izan behar da hau zinemetan mantentzeko».