Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Noizko euskal meloien sor-marka?

Hau euri madarikatua! Eguraldi mikatza gero! Ez dago bada zorua bustita! Ene, ene, atrebentzia halakoa, eguraldiarena! Eta gainera, udazkenean! Beste krisi bat edo! Euri-pandemia! Seguruenik, izan bada honela pentsatzen duenik Getsemaniko ortuko plastikopeko bulegoko alfonbra gorritik. Harrapa ezak/n! Irak/n! Bada bai, kolpea gero! Norvegiako enpresa horrek gure eskualde batzuetan haize-errotak jartzeko hasierako egitasmoak hainbat meloi zabaldu dituen honetan, eta Euskadin laborantza ekologikora bideratutako azalera eskaseko datu ofizialak gogoan, zera pasatu zait burutik: noizko euskal meloien sor-marka? Noizko eskuduntza? Zeren, garai-aldaketan garen honetan, ez da oso arduratsua kanpoko meloiak hemen zabaltzen ibiltzea…

Harira! Aitor dut, nire eguneroko lana burukoa da, gehienbat behintzat; fisikoa ere bada, jakina, nire buruaren bila han-hemenka nabilenean. Hortaz, afalosteko mahaia atondu eta ofizioaren ondorioz harrikoa egin eta gero sofako bazterrean barreiatzen ditut gorputza eta adarrak, pantailara begira lotarako prestatzeko asmoz. Bada, hau kolpea! Inoiz ez ditut hainbeste eskertu iragazkiak aste honetara arte! Hain izan dira nekagarriak ez dakit zein erreginaren hileta-elizkizunak! Ez nuen uste, bada, reality show-a zela! Zenbat odol urdin eta zenbat odol gaizto konklabean!

Bai. Bertsolari Txapelketa abian, berriro ere. Horri lotuta ote Ajuriaeneko maizterrak aurreko osoko bilkuran ganberatutako Hitzartuz programa horrena? Hitz-jokoagatik diot!

Hitza hartu ez, ezkutatu egin du Segurtasun Sailak Legebiltzarrera bidali beharreko dokumentuan; inongo unibertsotan ere ez da hor beste zulo beltz ageri! Beltz gehiago zuria baino. Lakuako gardentasun opakua! Black is beltza! Itun Berdearen bidean, prefostia!