GARA
BILBO

Euskara lan arlora eramateko dinamika aurkeztu dute ELAk, LABek eta Kontseiluak

Eremu sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiteko dinamika aurkeztu dute ELAk, LABek eta Kontseiluak. Egun ez da %1era iristen euskara plana duten enpresen kopurua.

ELAk, LABek eta Kontseiluak atzo Bilbon egin zuten agerraldia.
ELAk, LABek eta Kontseiluak atzo Bilbon egin zuten agerraldia. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Sindikatuetako 160 delegatu batu ziren atzo Bilbon, ELAk, LABek eta Kontseiluak eremu sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiteko antolatuko duten dinamikaren aurkezpenean. Bertan, hiru eragileek agertu zuten langileen euskaraz lan egiteko eskubidea erdigunean jarri eta hori bermatzeko urratsak egiteko borondatea. Horretarako, sindikatuek elkarrekin joko dute enpresaz enpresa, Euskaraldiarekin bat egin eta Arigune gisa parte har dezaten bultzatzeko, bai eta lantokiak euskalduntzeko konpromiso zehatzak har ditzaten ere.

2020ko azaroan, ELA eta LAB sindikatuek eta Euskalgintzaren Kontseiluak lan mundua euskalduntzeko eta langileen hizkuntza-eskubideak bermatzeko beste dinamika bat aurkeztu zuten, 50 langiletik gorako enpresetan euskara-planak bultzatzeko gutxieneko neurriak proposatuz.

«Euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzeak, ordea, egiturazko neurriak hartzea eskatzen du, bai administrazioaren aldetik, baita enpresen aldetik ere», nabarmendu zuten. Bide horretan, 2021ean, Gasteizko Legebiltzarreko alderdi politiko guztiei lan mundua euskalduntzeko proposamen zehatza aurkeztu zieten: 50 langiletik gorako enpresatan langileek edo enpresaburuek eskatuz gero, euskara-plana negoziatzeko beharra lanbidearteko akordioan jasotzea.

Confebask eta CEN patronalekin biltzeko saiakera ere egin zuten, baina lantokietan euskara-planak adosteari uko egin zioten. Hala ere, ekintza-sindikalaren bidez bide horretan jauzi bat eman nahi zuten eta, horren ondorioz, “Euskaraz lan egitea, eskubide kontua” lelopean lan mundua euskalduntzeko dinamika bateratua aurkeztu zuten atzo.

Ekimen hau abian jartzearen arrazoiak azaldu zituzten eragileek. Batetik, sinesten dute langileek Euskal Herriko berezko hizkuntza ezagutzeko, lan-jarduera eta lanbidea euskaraz garatzeko eta lan-harremanak euskaraz burutzeko eskubidea dutela: «Langileek ere, noski, hizkuntza eskubideak dituzte.»

Bestalde, euskararen normalizazioaren ikuspegitik, eguneroko bizitzan eremu sozioekonomikoaren eragina agerikoa dela antzeman dute. Ohartarazi zuten euskara-planak dituzten entitateak ez direla %1era ere iristen, eta langileek euskaraz lan egiteko duten eskubidea urratzen dela salatu zuten.