Jakes Esnal etxean da, 32 urte eta erdiko espetxealdiaren ondoren
Ion Kepa Parot irten eta bost egunera atzean utzi du espetxea Jakes Esnalek, baldintzapean, 32 urte eta erdiko kartzelaldiari amaiera emanda. Lapurtarrak zain zituen senideak Lannemezango presoendegiaren atarian, eta Donibane Lohizunerako bidea hartu zuten lehenengo besarkadak jaso eta gero. Ipar Euskal Herrian sorturiko preso politikorik ez da jada frantses kartzeletan.

Goizean goiz, Jakes Esnalek atzean utzi zuen Lannemezango kartzela, 32 urte eta erdi barnean igaro ondoren. Hurbilekoak zain zituen atarian, eta, lehenengo besarkadak jasota, etxerako bidea hartu zuen 71 urteko lapurtarrak.
1990eko apirilaren hasieran atzeman zuten sorterrian, Donibane Lohizunen. Berarekin batera atxilotu zuten ETAren “Argala komandoko” kide Frederic “Xistor” Haranburu ere (senperetarra 2020ko azaroan atera zen kartzelatik eta iragan maiatzean kendu zioten eskumutur elektronikoa). Esnal atxilotu bezperan Ion Kepa Parot harrapatu zuen frantses Poliziak, apirilaren 3an (ostegunean kalera irten zen Mureteko presondegitik).
Esnalek eta Parotek urtebetez luzatuko den frogaldia gainditu beharko dute, eskumutur elektronikoa kendu ahal izateko. Etxetik sartu-irteerako ordutegi zehatzak izanen dituzte. «Baldintzapeko askatasunean irteteko baldintzak etengabe gogortu ditu frantses Estatuak», azaldu dio horren karietara GARAri Maritxu Paulus Basurco abokatuak.
1997an Parisko Auzitegiak biziarteko kartzela zigorra ezarri zien hiru lapurtarrei. «Berehala konturatu ginen baldintza oso berezietan iragan zen auzi horren emaitzak ondorio larriak zituela», oroitarazi du «abokatu gaztea nintzela» auzi horretan izan zen Paulus Basurcok. Izan ere, Unai Parotek aurkezturiko tortura salaketa entzuteari uko egin zion epaitegiak segurtasun epea finkatu zuen. «Berehala ondoko epe hori gainditzeari begira jarri ginen», azaldu du azken hiru hamarkadetan Esnalen defentsa eraman duen abokatuak. «Orduan ezin genuen inondik inora pentsatu, segurtasun epea gaindituta ere, preso hauek hainbeste urte igaroko zituztenik espetxean», gaineratu du.
Atentatu jihadisten eraginez, besteak beste, segurtasun politika gero eta gogorragoa bilakatu da frantses Estatuan. «Esan dezakegu bideak aurrera egin ahala oztopo gehiago atzeman ditugula», laburbildu du Paulus Basurcok.
Sarraila ezin askatu
Epaiketa egin zenerako zazpi urteko kartzelaldia egina zuen Esnalek. Hemezortzi urteko segurtasun epea ezarri ziotenez, 2007az geroztik baldintzapeko askatasunean ateratzeko eskubidea bazuen. Alta, 32 urte eta sei hilabeteko espetxealdia egin arte kartzelan atxiki du frantses Justiziak.
«Perspektibarik gabeko urteak» ez dituzte erraz ahaztuko Esnalek eta haren senideek. «Kartzelatik atera ondoren, bai presoak eta bai familiak sostengua behar dute, espetxealdi luzeak eragin anitz dituelako», gehitu du abokatuak
2013an, «testuinguru politiko berria abian zelarik», aurkeztu zuen Esnalen defentsak baldintzapeko askatasun eskaera. Frantses Justiziak atzera bota zuen lehen galdera hori. «Ion Kepa Paroten kasuan zenbait alditan lehen instantzian onartu zioten eskaera, nahiz eta horren ondotik Dei Auzitegiak aske uzteari uko egiten zion; baina Xistorrekin eta Jakesekin jarrera oso hertsia atzeman dugu betidanik», azaldu du Paulus Basurcok.
Ibilbide malkartsua izan da, eta mailaz maila oztopoak gaindituz joan dira. Hasieran atea guztiz itxita zegoen. Ondoren, lehen instantziako epaileak abokatuen arrazoiak entzuten hasi ziren. Alta, Dei Auzitegian agortzen zen dosierraren ibilbidea. Duela bi urte, ordea, «urrats inportante bat» eman zen “Xistor” Haranbururi baldintzapeko askatasuna eskuratzeko frogaldia etxetik egiteko aukera onartu ziotenean. Joan den irailaren 22an eman zuen ontzat Dei Auzitegiak Jaskes Esnal eta Ion Kepa Parot baldintza bertsuekin etxera itzultzeko aukera.
«Terrorismoaren aurkako Fiskaltza azken unera arte kontra azaldu dela behar da esan; hor aldaketarik ez da egon. Lehen bezala, orain fiskalaren irizpidea da bizi osorako kartzela zigorra bete behar dela hasieratik bukaeraraino», deitoratu du abokatuak.
Horregatik, «preso hauek askatzeko erabakia guztiz berezia» dela gaineratu du. Bere erranetan, «egungo testuinguruak eragina ukan du, bistan da»; baina epaitegiak urratsa egin du, gehienbat. «Badira hiru hamarkada ekintzak gertatu zirenetik, preso hauek 32 urte kartzelan egin dituztelako, espainiar Estatuan kondenatuak izan balira gehienez 30 urteko kartzelaldia eginen zutelako... Finean, zinez baldintza bereziak biltzen zirelako».
Jakes Esnal kartzelatik irten ondoren, erakunde armatuen jarduerarekin zerikusia izan duelakoan zigortutako Ipar Euskal Herriko presorik ez da frantses kartzeletan. Alta, Lannemezanen bada biziarteko kartzela zigorra jaso duen beste euskal preso bat: Mikel Karrera Sarobek 2015ean jaso zuen zigor hori.

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
