Hirugarren edizioarekin pozik dauden arren, «ez da nahikoa»
Euskaraldia amaitu den egunean balantzea egin dute haren antolatzaileek. Pozik dira ekimena gizartean normaldu delako eta ariketa sendotu dutelako, baina aldi berean onartu dute txapa gutxiago ikusi dela.

Euskararen Egunarekin lotuko da Euskaraldia. Atzo izan zen azken eguna eta goizean balorazioa egin zuten Gasteizen koordinazio maila osatzen duten erakundeetako ordezkariek. Ekimenaren sendotzea aipatu zuten, datuek horrela baieztatzen dutelako, baina, edizio honi buruzko ikerketaren emaitzei itxaron gabe, ez zuten ezkutatu «txapa gutxiago ikusi ditugula kalean».
«Ariketaren bilakaera oso positiboa izan da», adierazi zuten agerraldian, ekimena gizartean sustraiturik dagoela ziurtatuz. Baina aldi berean hemendik aurrerako ohartarazpen garbi bat egin zuten: «Euskaraldia bakarrik ez da nahikoa. Arau sozialak aldatzeko lanean ari gara eta inertziak apurtzeko eremu ezberdinetan proposamen berriak egotea garrantzitsua da».
Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak, Bingen Zupiria eta Ana Ollo Lakua eta Nafarroako Gobernuko sailburuek, hurrenez hurren, batzordeetako kideek eta beste entitate batzuen ordezkariek parte hartu zuten Gasteizko Artiumen egindako agerraldian.
Inpresioak eta zenbakiak
Euskaraldia gizartean normalizatu eta finkatu dela uste dute ekimenaren antolatzaileek. «Aurreko bi edizioetan herritar eta entitateen hizkuntza praktikatan eragiteko proposamen berriak ekarri zituen ekimen berritzaile honek, eta hirugarren edizio honetan Euskaraldia, ariketa ezaguna izateaz gain, gizartean txertatuta eta normalizatuta dagoela ikusi dugu», esan zuten.
Zehatzago, ondorio hauek denak txalotu zituzten: «Euskaraldia gizartean oso barneratuta dauden arau sozialetan eragiteko eta aldatzeko proposamena da eta edizioz edizio ari gara bide hori urratzen. Ariketak proposatzen dituenak ulertzen eta barneratzen ari dira herritarrak»; «Ahobizi eta belarriprest rolen atzean dauden jokaera ezberdinak gero eta hobeto ulertzen dira: partaideek badakite hau ez dela euskararen aldekotasuna adierazteko kanpaina bat»; «Euskaralditik proposatzen den “lehen hitza euskaraz” arau sozial berriak aurrerapauso handiak eman ditu lau urteotan»; «Euskaraz ulertzen duenarekin euskarari eusteko jokabidea ere gero eta barneratuta dago»; «Hirugarren edizioak erakutsiko du, baita ere, ariketa efektiboa dela, proposatzen diren ahobizi eta belarriprest rolei lotutako portaerei eusterakoan, norberaren euskararen erabilera hazi egiten dela; eta, gisa berean, entitateetan euskaraz eroso aritzeko neurriak hartu eta gune babestuak sortzen direnean ere euskaraz gehiago egiten dela. Ariketak emaitzak ematen ditu, beraz».
Zenbakiak eskuan hartuta, «Euskaraldian parte hartzea ere egonkortze bidean dagoela ikusi dugu hirugarren aldi honetan -nabarmendu zuten-. Gure kalkuluen arabera, aurreko edizioaren parte hartze kopuruan gaudela esan dezakegu. 161.099 lagunek izena eman edo berretsi dute aurtengo edizioan. Datu oso ona iruditzen zaigu, pentsatu behar baitugu herritar horiek guztiek tarte bat hartu dutela izena emateko edo beraiek parte hartzea berresteko, eta hori itzela da».
Aurreko edizioetan izena eman zuten askok oraingoan izena eman gabe jardun dutela uste dute, hala ere. Izan ere, «herriz herri lanean aritu diren batzordeetatik jaso ditugun datuen arabera, izena eman dutenak baino herritar gehiago hurbildu dira txapak jasotzera antolatutako banaketa puntuetara. Baina, aldiz, pertzepzioa dugu jendeak ez dituela txapak uneoro erabili, eta nahi baino txapa gutxiago ikusi ditugula kalean. Hala ere, aipatutako guztiak kontuan hartuta, eta lehenago esan bezala, aurreko edizioko parte hartze kopuruetan gaudela esan dezakegu».
Abian den ikerketak emango ditu Euskaraldiaren eraginaren inguruko datu gehiago, «dena ondo bidean, hurrengo urtearen lehen erdian».
Guztira 6.634 entitatek eman dute izena Euskaraldiaren hirugarren edizioan eta 8.563 egoitzatan sortu dituzte ariguneak. «Gainera, aurreko ariketetan iritsi ez ginen eremuetara iritsi gara aurtengoan», aipatu zuten.
Aurrera begirako erronkak
Orain zer? «Aurrera begira, jarraituko dugu rolak gizarteratzen, beti esan dugun bezala, epe luzeko lana izango baita. Lehenago aipatu dugun modura, rolen eta berauen portaeren legitimazioan urrats sendoak egin ditugu azken lau urteetan. Lehen hitza euskaraz izatea, ulertzen dutenen aurrean euskarari eustea eta elkarrizketa elebidunak mantentzea duela lau urte baino onartuagoak eta txertatuagoak daude gizartean eta gure egunerokoan. Eta legitimazio hori oso garrantzitsua da hiztunok gure hizkuntza hautuak egiteko momentuan», aipatu zuten Euskaraldiaren antolatzaileek eta bultzatzaileek.
«Txapa erabiltzearen garrantzia azpimarratzen jarraituko dugu, ariketarako beharrezkoa baita. Aurten nahi baino txapa gutxiago ikusi da kalean, eta aztertu beharko dugu zein aldaketa egin behar dugun gehiago ikus daitezen. Euskaraldian oinarrizkoa da euskaraz aritzeko aukerak bistaratzea, eta txapek funtzio hori betetzen dute. Ikerketek diote gure hizkuntza ohiturak errazago aldatzen ditugula txapak ikusten ditugunean, babestuta sentitzen garelako eta estres linguistikoa murrizten zaigulako. Komunitatea ikusgarri egitea euskararentzat oso garrantzitsua da», ekarri zuten gogora.
Beraiena eragiteko ekimena dela nabarmendu zuten beste behin ere: «Gizarte honetan oso ohituta gaude euskararen alde agertzeko kanpainetan. Euskaraldiarekin bide berri bat zabaltzen ari gara, gure eguneroko ohituretan eta portaeretan eragiteko».
«Euskaraldia bi urtean behin egiten den ariketa da, baina behar-beharrezkoa da, aurreko edizioetan esan dugun modura, euskararen erabilera sustatzeko bestelako ariketa praktikoak ere egon daitezen. Euskaraldia bakarrik ez da nahikoa. Arau sozialak aldatzeko lanean ari gara, eta inertziak apurtzeko eremu ezberdinetan proposamen berriak egotea garrantzitsua da», amaitu zuten. Eta hau ere erantsi zuten: «Euskaraldiak behar du ediziotik ediziora norbanakook gure hizkuntza ohituretan aldaketak egiten jarraitzea eta era guztietako entitateek beraien hizkuntza plangintza eta politiketan urratsak egiten jarraitzea».
«Asko du arduratik; emoziotik ere bai»
Hotzetik hasi zena, bero amaitu da. Hala adierazi zuten NAIZ Irratian mintzatu ziren Imanol Larrañagak, Elgoibarko batzordeko kideak, eta, Andoni Izagirrek, Doneztebekoak. Azken honek ariketa sozial erraldoia martxan hasteko bezperetan sumatu zuen beroaldia, baita Larrañagak ere: «Behetik gora etorri den zerbait izan da. Izan ere, Euskaraldiak asko du arduratik eta konpromisotik, baina emozioetatik ere bai».
«Ez da erraza hizkuntza ohiturak aldatzea», jarraitu zuen Larrañagak, «hautu eta ohitura asko aldatu behar dira, eta hori ez da boteprontoan egiten». Premisa horretatik abiatu beharrean gara, akaso, Euskaraldiaren balizko arrakasta neurtzeko orduan. Baina aurtengo edizioak izan ditu abantailak: «Hirugarren aldia izan da, herritarrek bazekiten zer zen egin behar zutena, eta horrek asko erraztu ditu gauzak», esan zuen Izagirrek.
Fokua, adierazi zutenez, parte hartzea gazteengan sustatzean jarri dute herri askok, baita helburua lortu ere, baina hausnarketarako beste elementu bat utzi zuen Larrañagak: «Gizonek, oro har, gutxiago parte hartzen dute, nabarmen, eta jakin nahiko genuke zergatik. Zaintza aipatzen dute zenbaitek... Elementu asko izango dira ziur asko, baina aztertu beharko genuke horren inguruan, nire ustez». Edozein kasutan, uste du txapa jantzita eramateak ematen duela «konfiantza», eta horrek balio duela hizkuntzaren auzia «agenda soziopolitikora» ekartzeko.
Oscar Gartzia Arabako Euskaraldiko koordinatzaileak ere eman zuen bere ikuspuntua NAIZ Irratian. Ziur mintzatu zen, Euskaraldia amaituta ere «euskarari eutsi» egingo diotela askok, eta, zentzu horretan, pozik mintzatu zen edizioak emandakoarekin. «Euskaraldia ezaguna da, baita parte hartzen ez dutenen artean ere». Horrek, akaso, badu bere horretan garrantzia: «Ulertzen da belarriprestak zer suposatzen duen, badakigu zer den ahobizi izatea», eta horrek ahalbidetzen du hainbat praktika martxan jartzea.
Hori bai, oso bestelakoa da egoera hiriburuaz jardun, edo barne alderago diren herrien inguruan: «Arabako biztanleen %75 Gasteizen bizi dira. Horrek gauzak erraztu ditzake zenbait ikuspegitatik».
Nabarmendu zuen ahobizi eta belarriprest kopuruak mantendu egin direla orokorrean, eta azpimarratu zuen ariguneen egonkortzea ere gertatu dela Araban. NAIZ Irratia
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
