Iraitz MATEO
DONOSTIA

Aurtengo txotx denboraldia abiatu da, uzta txikiagoz baina zapore handiagoz

Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola, txotx irekieran.
Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola, txotx irekieran. (Jon URBE | FOKU)

XXX. Sagardo Berriaren eguna izan zen atzo, eta abiatuta geratu zen aurtengo txotx denboraldia. Sagarraren uzta espero baino txikiagoa izan bada ere, sagardoak zapore gehiago omen du, «kontzentratuagoa». Protagonistak Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola izan ziren, beraiek edan baitzuten aurtengo sagardoaren lehen hurrupa. Bi urtez murrizketekin ibili ostean, sagardozaleek berriz ere upeltegietan elkartzeko aukera izango dute denboraldi honetan.

Jon Zapianek azaldu zituen aurtengo sagardoaren ezaugarri nagusiak: kolore ilunxeagoa, tanino gehiago eta, ondorioz, gorputz gehiago. Aurtengo sagar uzta lehorteagatik urria izan da eta horrek zapore gehiago izatea dakar. Sagar barietate handia egon dela adierazi zuen, eta horregatik sagardo oso ezberdinak probatzeko aukera izango da. «Upel bakoitza mundu bat da. Erreparatu upel bakoitzeko sagardoari, berezia izango baita», ohartarazi zuen.