GARA
DONOSTIA

Donostiako Metroaren lanek eraikin batean sortutako kalteak salatu dituzte

Erviti denda zenaren gaineko fatxada zatia, pitzatuta.
Erviti denda zenaren gaineko fatxada zatia, pitzatuta. (SATORRALAIA)

Donostiako Metroaren eraikuntza lanek Artzain Onaren Plazan dagoen eraikin batean sortu dituzten kalteak salatu ditu Satorralaia bizilagunen mugimenduak. Eraikina Loiola eta San Martin kaleen arteko izkinan dago, Erviti musika denda ezaguna zegoen tokian, hain zuzen.

Aipatutako izkina arkitektonikoki osatzen duen arkuko harlanduzko piezen mugimenduek eta pitzadurek erakusten dutenez, «Loiola kaleko 14. zenbakiko eraikinaren desegonkortzea gertatu da, Metroaren lanek zimenduei eragin dietelako. Eta horren larritasuna areagotu egiten da, eraikinaren izkinan gertatzen denean», ohartarazi zuen elkarteak, ohar bidez.

Iturri berberek adierazi zutenez, «obrek eraikinaren egituran eragindako kalteak ez zaizkie oharkabean pasatu jabeei, antza denez, ETSrekin harremanetan baitaude».

Kalte horien jatorria Erdialde-Kontxako geltokira sartzeko kanoiak eraikitzeko Easo eta San Martin kaleetan erabili diren metodo «oso erasokorrak» direla defendatzen du Satorralaiak. Gainera, gogorarazi zuen eraikuntza proiektuan jasota dagoela «sarbide-kanoiak eremu oso eraikian daudela, eta horrek eraikuntza arrisku handiak dakartzala».

Metro batetik gorako diametroa duten piloteak lurpean presio bidez lerrokadan sartzea izan da erabilitako eraikuntza sistema, pantaila hormak eraikitzeko. «Pilote eskerga horiek indar bortitzarekin presionatuz sartu behar izan dituzte gainera -azaldu zuten-, Artzain Onaren inguruko lurzoru hareatsuaren pean sakontasun handian aurkitzen den ‘arroka’ lurrazpira iritsi eta sartu arte».

«Obratik gertu dagoen harri hormaz egindako eraikin honen egonkortasunari kalte egin dio pilotaje etengabe eta masibo horren inpaktuak. Etxearen zimenduek hondar geruza horren gainean oinarri hartzeaz gain, eraikinaren egitura ez dela konbentzionala kontuan hartu behar da, fatxada nagusia kalteturiko arkuteriaren gainean eusten baita», zehaztu zuen oharrean Satorralaia mugimenduak.

Easo kalean berriki eroritako balkoia

Bestalde, iragan urtarrilaren 4an, handik oso gertu dagoen Easo kaleko 31. zenbakian erori zen harrizko balkoiaren harira, «zergatia momentuz argitu gabe badago ere», Satorralaiak gogora ekarri zuen: «Metroaren proiektuak berak nabarmentzen du eraikin horren azpitik igaroko den San Bartolomeko sarbide kanoia eraikitzeak etxe horrentzat dakarren arrisku larria, Metroaren geltokira sartzeko sarbide horren zulaketa lanak eraikinaren zimenduetatik oso hurbil egin behar direlako».

Harrien erorketak zorionez ez zuen inor zauritu.