Alaia SIERRA
GASTEIZ

Indarkeria matxistaren biktimak «erdigunean» jartzeko akordioa sinatu dute

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zenbait erakundetako ordezkari nagusiek indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arreta hobetzeko III. Akordioa izenpetu zuten atzo Gasteizen.

Beatriz Artolazabal, Iñigo Urkullu, Miren Elgarresta eta Unai Rementeria, sinatze unean.
Beatriz Artolazabal, Iñigo Urkullu, Miren Elgarresta eta Unai Rementeria, sinatze unean. (Raul BOGAJO | FOKU)

Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arreta hobetzeko, atzo III. Akordioa sinatu zuten zenbait erakundek Lehendakaritzan. Lakuan esan zutenez, indarkeria mota honekiko «gero eta kontzientziazio handiagoa» duen gizartearekin batera, biktimen premiak «erdigunean» jarriko dira hitzarmen honen bitartez.

Iñigo Urkullu lehendakariaz gain, sinatze ekitaldian parte hartu zuten Ramiro Gonzalez, Unai Rementeria eta Markel Olano Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiek, hurrenez hurren; Manuel Lezertua Arartekoak; Gorka Urtaran Eudeleko presidenteak; Iñaki Subijana EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak; Carmen Adan Del Rio EAEko fiskal nagusiak; Gerardo Lopez Sanchez-Saratxaga Abokatuen Euskal Kontseiluko presidenteak; eta Cosme Naveda Euskal Medikuen Kontseiluko presidenteak.

Halaber, Beatriz Artolazabal Berdintasun sailburua eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria izan ziren. Sinatzea «berri pozgarri» gisa baloratu zuen azken honek.

Lehendabiziko akordioa 2001ean sinatu zela gogorarazi zuen Urkulluk, 20 urte baino gehiagoko esperientzia azpimarratuz. Hala ere, «etengabeko hobekuntza prozesu bat» dela zehaztu zuen.

Medikuen izenean, Euskal Medikuen Kontseiluko presidenteak biktimei laguntzeko «ezinbesteko faktorea» direla nabarmendu zuen. Izan ere, diagnostiko baten bitartez pertsona batek indarkeria matxista jasaten duen jakin dezakete eta honen aurkako «protokoloa jarraitzera animatu». «Biktimentzat hemen gaude eta egoten jarraituko dugu», esan zuen Cosme Navedak.

Laguntza juridikoa

Justiziaren arlotik ere bultzatu dute akordioa. Abokatuen Euskal Kontseiluko presidenteak legelarien lana eta hauek duten prestakuntza nabarmendu zituen, baita «lehenengo momentutik» biktimek jaso dezaketen laguntza juridikoa. Iñaki Subijana EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak ere laguntza hori aipatu zuen, eta akordioak «birbiktimizatzea saihesteko tresnak bilatzeko balio duela».

EAEko fiskal nagusiak, Carmen Adanek, salatzearen beharra azaldu zuen. Bide batez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako fiskal guztiek kasu hauekiko duten konpromisoaz aritu zen, sinatutakoa akordio instituzionala baino, «kolektiboa» dela azpimarratuz.

Manuel Lezertuak, Arartekoak, hitzarmenak Herriaren Defendatzailearen eta biktimaren arteko lankidetza hobetuko duela ziurtatu du, «salaketa aurkezteko ibilgua» hobetzeko.