Maddi TXINTXURRETA
PATAGONIAN HILDAKO ALPINISTAREN OMENEZ

Amaia Agirre maite zutenek ez dute Fitz Roy gorroto

Patagonian elur jausi batek harrapatuta zendu zen Amaia Agirreri agur ekitaldia egin zioten atzo Urnietako San Juan plazan. Argentina eta Txile arteko mugan dagoen Fitz Roy mendian hil bazen ere, alpinistaren gertukoek ez diote herrarik mendiari, pasioak eta maitasunak eramaten baitzuten urnietarra gailurretan gora.

Amaia Agirreri azken agurra emateko ekitaldia, Urnietan.
Amaia Agirreri azken agurra emateko ekitaldia, Urnietan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Patagoniako Fitz Roy mendian izandako elur jausiaren oihartzuna Urnietara zabaldu zen atzo: udaletxeko ikurrinari jantzi zion lazo beltz bat eta utzi zuen haga erdian. Urtu zituen minez San Juan plazan elkartu zen jendetzaren begiak eta arraildu haien bihotzak. Tentazio ulergarria litzateke alaba, arreba, laguna edo herrikidea lapurtu dionarentzat mendia madarikatzea, haserretzea harekin eta etsaitzat hartzea betiko. Ezin, baina, Amaia Agirre alpinistak hainbeste maite zuena gorrotatu.

Arriskutsu ospea du Argentinako Fitz Roy mendiak eta famari men egin zion urtarrilaren 19an, elur jausi batek Iker Bilbao eta Amaia Agirre azpian harrapatu zituenean. Solidario ospea du Euskal Herriak eta honek ere egiaztatu zuen bere fama: jendetza bildu zen Urnietan Agirreri agur esateko ekitaldian.

Mimoz prestatuta zegoen dena 17.00ak iristerako. Eszenatoki bat, eta haren azpialdean, hitz bi alde banatan: askatasuna eta bizitza. Hitzen artean, Fitz Roy izugarriaren argazkia eta, atzerago, pantaila batek Amaia Agirreren argazkiak erakutsi zituen etengabe. Eszenatokiaren aurrean jarritako aulkietan eseri ziren alpinistaren senideak eta gertukoenak, eta haien inguruan, besarkada erraldoi baten modura, herritarrak eta hainbat lekutatik etorritako jendea, Euskal Herritik kanpokoa ere bai.

Hogei urtez Bertsozale Elkarteko koordinatzaile izan zen Koldo Tapia igo zen lehenik oholtzara. Herriko mendizaleen izenean hitz egin zuen eta, horretarako, Ramon Olasagastiren “Mendiminez” liburuko gogoetak ekarri zituen: «Ez dakigu noiztik neurtzen diren edo sailkatzen ditugun mendiak metroka edo bizitza urteetan. Mendi bat txikia edo handia den baino, garrantzitsuagoa da mendi hori gustukoa den edo ez, maite dugun edo ez. Eta bizitzari dagokionez, berdin: kontua ez da bizitza luzea edo laburra den, baizik eta nolakoa. Sufrikario edo gozamenezko. Zein da kontua? Bizitzari urteak eranstea ala urteei bizitza ematea?»

Amaia Agirrek pasio zuen mendia, eta pasioak «sentitu» egiten direla zehaztu zuen Tapiak, ezin direla «ez azaldu, ez justifikatu». Zeren, «bizitza galtzeko arriskua hor dagoela jakinda ere, mendizaleak mendira jotzen du behin eta berriz», agertu zuen. Hala egiten zuen urnietarrak ere: «Amaia mendi-minak bizi zuen. Horrek, bistan da, oinazea eragin digu Amaia maite genuen guztioi. Izatekotan, horixe litzateke mendi-minaren pasioari uko egiteko arrazoi bakarra: maite dituzun eta maite zaituztenen artean zure pasioak sor dezakeen oinazea. Gaur, hemen, bihotza lehertuta beharbada, bakarren bati burura etorriko zaizkio Laboaren kantuko hitz haiek: ‘Hegoak ebaki banizkio...’ Benetan maite duenak, ordea, badaki txoria txori izango bada, hegoak zabal behar dituela eta libre. Eta guk, oinazeak oinaze, txoria genuen maite. Amaia maite genuen».

Eztarriko korapiloaren gainetik, galdutako arrebari mintzatu zitzaion Jon Agirre, konfesio batekin hasita. «Ez zintugun sekula guztiz ulertu. Mendiarekin maitemindu zinen. Tamalez, bera ere zurekin maitemindu zen eta betirako eraman zintuen berarekin», esan zuen. Anaiak, momentuz, ez du mina arinduko dion lasaigarririk: «Geratu zaigun zauria galdu zintuen arraila baino handiagoa da». Alta, saiatuko dela esan zuen, egingo duela ahalegina «etengabeko irribarredun haur» hura «irribarre batekin» oroitzeko.

Gailurretan gora

Haurra zela Santa Barbarako pareta igotzen hasi eta harrezkero «gailurretik gora» egin zuen Agirrek, Urnietako Egape ikastetxeko Itziar Artolak oroitu zuenez. Egin zuen, gerora, «mendietan sortutako familia», atzoko ekitaldian «irribarretsu, indartsu, bizi gogoz eta energiaz beteta» oroitu zuena. Gora egin zuen alpinismoan erreferente bilakatzeraino, gailurretik gora; hain gora, ezen «orain gure izarretan zaude» esan zuen Itziar Artolak.

“Signore delle cime” abestu zuen Andoaingo musika eskolako abesbatzak, elur jausi batek hil zuen gazte italiar baten omenez Bepi De Marzik konposatutako kantua. Eta ekitaldiari bukaera emateko, Mikel Laboaren “Txoria txori” kantatu zuten, eta pasioak azaltzen zailak badira ere, omenaldiak lagundu zuen mendiarekin adiskidetzen. Zeren, hegoak ebaki banizkio...