A.E.
BILBO

Silver Film jaio da, «seniorren» munduari begiratuko dion jaialdia

«Un belle course» filmak inauguratuko du jaialdia. AIZ
«Un belle course» filmak inauguratuko du jaialdia. AIZ (N)

2060ko Europan hiru biztanletik bat 65 urtetik gorakoa izango da, eta antzeko joera izango dute planetako herrialde garatu gehienek. Gurean, biztanleriaren %22,5ek 55 urte baino gehiago ditu dagoeneko. Bizi-itxaropena handitu eta piramide demografikoa hankaz gora jarri dugu eta gazteen ordez, adinekoak dira nagusi gure gizartean. Galdera eta kezka anitz sortzen du horrek, baita joera berriak garatzeko bideak ere. Azkenaldian, esaterako, «silver» hitza toki guztietan entzuten ari da: «Silver» ekonomia, «silver» orrazkera, «silver» moda...

Testuinguru horretan koka dezakegu Bizkaian sortu berri den Silver Film Festival delako hau. 55 urtetik gorako ikusleei zuzendutako nazioarteko jaialdi berritzaile hau Bilbon eta Getxon egingo da otsailean zehar. Zehazki, gai horren inguruan Euskal Herrian egingo den lehena da eta Estatu mailako bigarrena. Bilbon otsailaren 15etik 17ra egingo da Guggenheim museoan eta Campos Antzokian, eta Getxon, otsailaren 23tik 25era. Bizkaiko herrian Romo Kultur Etxea izango da jaialdiaren kokalekua.

«Seniorren» munduaren inguruko hitzordu kultural askotarikoa izan nahi omen du, publiko zabalari zuzendua. «Zinemaldiaren helburua ezagutzarako, hausnarketarako, entretenimendurako eta parte hartzeko leku bat eskaintzea da -azaldu dute-. Kulturaren bidez gizarte inklusiboagoa eta berdintasunean oinarritua eraikitzen lagundu nahi duen espazioa da». Jaurlaritzaren, Diputazioaren, Bilboko eta Getxoko udalen, BBK Fundazioaren eta SGAEren babesa du jaialdi honek.

Estreinaldiak

Mota guztietako ekitaldiak burutuko dira -mahai inguruak, hitzaldiak, elkarrizketak...-, zinema egitarauaz gain. Irekiera ekitaldia otsailaren 15ean egingo da Bilboko Campos Antzokian, Itziar Ituñok (“La Casa de Papel”, “Intimidad”, “Irati”...) eta Ramon Ibarrak (“El Secreto de Puente Viejo”) aurkeztutako galarekin. Egun horretan bertan Christian Carion zuzendari frantsesaren “Une belle course” (2022, gaztelaniaz “Un paseo con Madeleine”) film hunkigarri eta dibertigarriaren Estatuko estreinaldia izango da. Lehendabiziko edizio honetarako konfirmatu dituzten filmen artean daude hauek biak: Rolando Diaz-en “Una elefanta sobre una tela de una araña” eta Aitor Merinoren “Fantasia”.