Aita Marik txalupa txiki batean zihoazen 31 lagun salbatu ditu
Itsas Salbamendu Humanitarioko Aita Mari ontziak 31 pertsona erreskatatu zituen atzo Mediterraneoan, Tunisiako itsasertz parean. Txalupatxo batean zihoazen pilatuta, tartean haurdunak, adingabeak eta hilabete gutxiko umetxo bat. Onik daude denak.

Aita Mariren eskifaiak 31 pertsona salbatu zituen atzo Mediterraneo itsasoan. Tunisiako itsasertzaren parean aurkitu zituen, egurrezko txalupa txiki batean ezin kabitu. Tartean emakume haurdunak eta adingabeak zihoazen. Itsas Salbamendu Humanitarioak jakinarazi zuenez, denak onik atera ziren.
GKEak azaldu zuenez, artatutako lagunak Boli Kosta, Senegal eta Gineakoak dira. Hamar adingabe daude eta horietako batek hiru hilabete besterik ez ditu. Aita Mariko arduradunek baieztatu zutenez, ontzian zeuden guztiak, onik eta salbu daude.
Bi eguneko nabigazioa
Italiako Gobernuak Erromatik hurbil dagoen Civitavecchiako portuan lehorreratzeko baimena eman zion salbamendu ontziari. Gobernuz kanpoko erakundeak salatu zuenez, atzo zeuden puntutik bi egunez nabigatu beharra dut hara iristeko, eta horrek areagotu besterik ez du egiten hilabeteak eta batzuen kasuan urteak migrazio ibilbide arriskutsuetan daramatzaten pertsonen sufrimendua.
GKEak oroitarazi zuenez, badago nazioarteko hitzarmen bat itsasoan bizitzaren segurtasuna bermatzen duena. Bertan jasotzen denez, «portu segurua eskaini behar zaio ontziari bere bidetik ahalik eta gertuen». Italiak, ordea, «sistematikoki» urratzen du arau hori, Itsas Salbamendu Humanitarioak gaitzetsi zuenez.
Aita Mariren bederatzigarren misioaren barrenean egindako lehendabiziko erreskatea izan zen atzoko hori. Joan den ostiralean itsasoratu zen salbamendu ontzi bihurtutako euskal atunontzia Castelloko Vinaroseko oinarrizko portutik Mediterraneo erdialderantz, ikuskapena erraz gainditu eta Gobernu espainiarraren agiria jaso eta gero.
2022an egin zuen aurreko misioan 113 lagun erreskatatzea lortu zuen Aita Marik. 2019tik ari da Mediterraneoan jendea salbatzen. Geroztik zortzi misio egin ditu, eta mila bizitza baino gehiago salbatu.
Baina lan humanitario hori aitortzetik urrun, gero eta traba politiko gehiago jartzen dizkiote. Italia erreskate ontziak gelditzeko egiten ari den «kanpaina politikoa» salatu zuen berriki. Horren barruan, milioi bat eurorainoko isunak jaso ditzake Aita Marik.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
