Aske da Francisco Jose Ramada, 22 urteko espetxealdiaren ondotik
Kartzelan bihotzeko arazo larriak garatu dituen Francisco Jose Ramada Irungo presoari baldintzapeko askatasuna onartu diote, 22 urte gatibu eman ostean. Bestalde, presoentzako «trabarik gabeko bide bat» eskatu zuten sindikatuek, atzo Bilbon egin zuten agerraldian.

Francisco Jose Ramada Irungo presoak baldintzapeko askatasuna eskuratu zuen atzo, Etxeratek jakinarazi duenez. Jada hirugarren graduan zegoen eta, erabaki honekin, ez du kartzelara itzuli beharko.
Espetxealdiaren azkeneko zatia bereziki gogorra izan da berarentzat. Izan ere, iaz bihotzeko arazo larria izan zuen Martuteneko patioan, arnasarik gabe ere gelditu zen, eta erietxera eraman behar izan zuten; zainketa intentsiboetako unitatean sartu zuten.
Hobera egin bezain laster espetxera bidali zuten berriz, baina hirugarren gradua eman zioten. Geroztik egoera horretan izan da Ramada eta atzo harresiak atzean uzteko azken pausoa eman zuen, baldintzapeko askatasunarena.
59 urte dituela agortu du kartzelaldia, 22 urtez luzatu dena. Mexikon atxilotu zuten 2001ean, eta Espainiaratu eta kartzelatu egin zuten, Auzitegi Nazionalaren aginduz.
Osasun arazoak ez ziren Martutenen hasi, bihotzeko arazo larriena Donostiako espetxean izan zuen arren. Jada Murtziako kartzelan zegoen garaian ebakuntza egin behar izan zioten eta, Etxeratek salatu zuenez, behar baino lehenago itzuli zuten kartzelara.
Etxeratek argitaratu berri duen 2022. urteari buruzko txostenean jasotzen denez, hamazazpi ziren gaixotasun larri edota sendaezina izan arren gatibu dauden euskal presoak: hamahiru izen-abizen ezagunak dira, beste lau lagunek beraien egoera pribatuan gorde nahi dute momentuz. Ramada aske gelditu ostean, hamasei dira, beraz.
«Trabarik gabeko bide bat»
Presoentzat «trabarik gabeko bide bat» martxan jar dadila eskatu zuten sindikatuek atzo Bilbon egin zuten agerraldian. Zehazki, ELA, LAB, UGT, ESK, Steilas, CGT-LKN, CNT, EHNE, Hiru eta Etxaldeko ordezkariak izan ziren.
Gogorarazi zuten euskal presoen egoera bidegabeak «euskal gizartearen parte garrantzitsu baten erantzuna» izan duela aurrean, baita sindikatuena ere: «Hamaika mobilizazio orokorretan hartu dugu parte elkarrekin, eta azken urteetan hilero egon gara Moyua plazan, euskal presoek bizi dituzten eskubide urraketak salatzeko», azaldu zuten.
Preso gehienak Euskal Herrian daudelako pozik agertu arren, nabarmendu zuten salbuespen-politikak indarrean jarraitzen duela. «Horregatik, trabarik gabeko bide bat aldarrikatzen dugu, gradu-aldaketak eta espetxe-baimenak salbuespenik gabe ezar ditzatela; legeak dioena bete dadila, ez diezaietela presoei legez dagokien eskubiderik ukatu edo murriztu», aldarrikatu zuten.
Halaber, elkartzen segitzeko asmoa agertu zuten sindikatuek, «oztopoak jartzen dabilen Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren jarrera» salatzeko.

«La maternidad nos da la oportunidad de aprender a mirar a nuestra niña interna»

Sabin Etxea fía ahora a un juez la resolución de su crisis en Getxo

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»
