Negozio-hobia, hobien gainean
Ohiturak ohitura, goizean etxeko tostadak banatzen ibili naiz landa-auzoan; oinez. Sasoian sasoikoa! Horra, sasi koipetsu hemen, txitxi-burruntzi hor, kanpo martxo han... baina lagunartean jan eta edan! Total, inauteriak handik, aratusteak hemendik... hain da euskara zabala hitzetan! Normala gero epaile gehienek ez ulertzea, euren materia grisa unibertsitatean agortuta! Kolpea gero ‘aratuste’ esate horrena! Haragia-uzte omen da hori, bijilia edo. Ulertzekoa, beraz, sagardotegiz betetako lurraldeetan inauteri esatea! Txarto-ulertzerik ez dadin egon, badaezpada.
Tira, ez dakit nik zeren harira! Itzulia datorrela irakurri dut nonon. Eta zuzenean lotu dut albistea hauteskundeekin, aldaketak datozelakoan. Bai zera, txotxolo honelakoa, txirrindularitzaz zen berria, aldapaz betetako itzulia izango ei den lehiaketaz. Total, aurtengo Tourra gurean hasiko da eta bizpahiru egunetan gure errepideak ikurrinaz betetzeko deia ikusi dut beste nonon. Ederto! Baina nago ni egin beharko diren milaka ikurrin horiek ez ote diren Txinan egingo. Ikusita turismo-deiak erakarrita birusak bisita egin zigunean ez genuela izan momentuan eta bertan musukoak egiteko aukera...
Lurrikara. Ez dakit izan ote den Europako Ekialde Hurbilean ala Asiako Mendebalde Urrunean, baina lurrak ikaratu egin ditu bertakoak, gehienak gehiago ikaratu gutxi batzuk baino. Eraikin asko eta asko behera etorri dira, eraikitzeko modu batzuek berez dakartelako atxikian eransteko lizentzia. Askoren hondamena gaur, gutxien ondasuna atzo.
Ama, ama, zenbat hiri berreraiki beharko! Lurrikarak jotako lurretan eta gerrak jotakoetan. Negozio-hobia kanpoko konpainia erraldoientzat, hobi askoren gainean eraiki beharko duten arren. Amen! Hainbeste metal tankeetan eta hain gutxi hondeamakinetan...

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa
