Beaskoetxeak amestutako agurra izan du, Lopezekin txapela jantzita
Gernikan bertan, herritarren aurrean, pilotalekua leporaino beteta, aspaldiko lagun batekin bikotea osatuz, lehengusu gazteagoaren aurka, senidez eta lagunez inguratuta... Aukeran jarrita ere, ezin du kirolari batek agurrerako agertoki hoberik amestu. Eta Beaskoetxeak garaipena lortuz eskertu zuen ingurukoen bultzada.

Diego Beaskoetxeak amestutako amaiera ipini zion bere ibilbide profesionalari: horrenbeste urtetan lagun eta kide izan duen Imanol Lopezekin bikotea osatuz Jai Alai Winter Series txapelketa irabaziz eskegi zuen xistera, non eta bere herrian bertan, Gernikako pilotaleku ederra leporaino beteta zegoela.
Eta film baten gidoia bailitzan, finalak ezin izan zuen emozio gehiago izan. Beaskoetxeak eta Lopezek 15-8 irabazi zuten lehen jokoa; Barandikak eta Lekerikak 9-15 bereganatu zuten bigarrena; eta azken joko erabakigarria 5-4 amaitu zen, 599 pilotakada eta 100 minutuko iraupena izan zuen neurketa borrokatuan.
Normala den moduan, oso hunkituta amaitu zuen Beaskoetxeak finala. Txapela buruan zuela; lagun, senide eta pilota eskolako gaztetxoz inguratuta, zail egin zitzaion sentitzen zuena hitzez adieraztea. «Frontoia topera, sekulako giroa... ezin dut gehiago eskatu. Jende asko izan da nire ibilbidean lagundu nauena eta ezingo nituzke orain denak aipatu. Milesker denei», izan ziren bere lehen adierazpenak.
Lopez jaun eta jabe
Lehen eta bigarren jokoak oso desberdinak izan ziren. Aurrenekoan bikote gorria oso nagusi izan zen, batez ere Imanol Lopezek atzean sekulako nagusitasuna erakutsi zuelako. Ohikoa duen lasaitasun eta patxadarekin, pilota nahierara mugitu zuen, Barandika jokoan sartzeko ia aukerarik gabe utziz eta Lekerikari lanak asko zailduz.
Onartu behar da hasiera horretan urdinak ere ez zirela oso fin aritu. Final bat etxean jokatzeak dakarren urduritasun logikoagatik agian, normalean baino huts gehixeago egin zituzten bi gernikarrek -bakoitzari lau apuntatu genizkion, zortzi bien artean-. Beaskoetxeak, aldiz, ederki baliatu zuen Lopezen agintea, erremate sorta ederra sinatzeko.
Aurrelari beteranoak jokoan egindako sei tanto izan zituen lehen set horretan, eta asko ikusgarriak. Horma-bikoarekin inspiratuta ibili zen, adibidez, eta lau tanto izan zituen modu horretan eginak. Tartean, jokoa azken 15-8koarekin itxi zuena.
Barandika agertu da
Bigarren jokoa ere ez zen oso ongi hasi urdinen interesentzat. Aurrenekoan egindako lanari jarraipena emanez, gorriak 3-0 aurreratu ziren Diego Beaskoetxearen beste bi erremate ikusgarri tarteko, eta beteranoen abantailak 5-3ra arte jarraitu zuen markagailuan.
Baina une horretan, txapelek azkarregi ihes egin behar zutela ikusita, Xabi Barandika agertu zen finalean. Eta nola agertu. Lehen jokoan egindakoak hiru bakarrik izan bazituen, bigarrenean zortzi egindakorekin amaitu zuen, sekulako erakustaldia emanez.
Aurrez 3-1ekoa errestoan egina zuen, 5-4koa pilota moztuta lortu zuen, 6-8koa pilota erreboteko zuloan sartuz... Baina Gernikan bildu ziren 2.000 zaleak eserlekutik jaikiarazi zituen tantoa 7-10ekoa izan zen: atzera bizpahiru pilotakada bikain jo zituen lehenik, Lopezek errebote sinestezin bat eraman zuen, eta gernikarrak dejadarekin amaitu zuen tantoa zabalean.
Oraindik denbora izan zuen beste hiru tanto ikusgarri gehiago sinatzeko, bat aurrean eta azken biak atzeko zuloan, eta gorriek, gainera zetorkiena ikusita, erritmoa apur bat lasaitu eta azken joko erabakigarrian pentsatzen hasi ziren. Bigarren hori 9-15 amaitu zen azkenean eta txapelak airean zeuden.
Emozioa amaierara arte
Normala den moduan, azken seta ez zen horren ikusgarria izan erremateei dagokienez, jokoan asko zegoelako eta pilotariek ez galtzea lehenetsi zutelako, baina ezin uka emozioa nahi beste izan zuela.
Pilotakada trukaketa bizi batzuen ondoren, eta alde bakoitzetik iritsi ziren huts batzuen ostean, Beaskoetxeak eta Lopezek gertu ikusi zituzten txapelak 4-2 aurreratu zirenean, Barandikari gora ihes egin zion pilota bati esker.
Baina urdinek ez zuten amore eman, eta errebotean bikain bihurritutako bi pilotakadari esker 4-4 berdindu zuten markagailua. Tanto bakarrera jokatu zuten, beraz, garaipena. Kale edo bale, ezin emozio gehiago eskatu. Eta azkenean gorrien alde erori zen tanto erabakigarria, Imanol Lopezek ongi atzeratutako pilotakada batekin.
«Lanera etorri gara. Azken seta zail jarri zaigu 4-4 horrekin, baina ez dugu etsi. Pilotari guztion nahia gaur hemen egotea zen, finala jokatzen, eta ezin dugu gehiago eskatu. 2.000 pertsona pozik, ikuskizunaz gozatzen, horrekin geratzen naiz», aipatu zuen atzelari zumaiarrak.
Amaiera ederra izan zen 2022ko urriaren 31n hasi eta ia lau hilabetez luzatu den Jai Alai Winter Series txapelketa arrakastatsuaren bigarren ekitaldiarentzat. Lau protagonistek merezitako txaloak jaso zituzten sari banaketan eta orain, iazko bideari jarraituz, neguan jasotako bultzada udan herriz herri zabaltzea izango da erronka. Horrelako partidekin, ziur lortuko dela.
Pilotaren egun handietako bat
Zaila da lerro gutxi batzuetan Jai Alai Winter Series txapelketak sortu duen fenomenoa azaltzea. Lehen ekitaldian, ia ezustean, sekulako arrakasta izan zuen lehiaketak, eta astelehenero-astelehenero mila pertsonatik gora zesta-punta ikustera erakarri zituen. Bigarren ekitaldia luzeagoa izan da, eta jendearen erantzuna are hobea: hamabost astean zehar 1.400 pertsonakoa izan da sarrerarik «apalena».
Finala izaten da asteburuan jokatzen den jardunaldi bakarra, eta sarrerak aitaren batean amaitu ziren. Gainera, finala nork jokatu duen jakin gabe jartzen dira salgai, eta horrek egoera kuriosoa ekarri du aurtengoan. Lau finalistetatik hiru gernikarrak izan diren arren, eta jendearen bultzada nabarmena haien alde, kanpoko jende askok hartuta zeuzkan sarrerak.
Profesionaletan bere azken partida zela-eta, Diego Beaskoetxea izan zen txalo gehien jaso zituena. Bere aldekoek 22 zenbakidun kamiseta eta kartelak gogoz astindu zituzten. Baina Barandika eta Lekerikaren aldekoak ere izan ziren, eta haien aldeko pankarta ere ez zen falta izan.
Aurpegi ezagunak ere asko. Politikariak eta agintariak alde batetik, puntista eta puntista ohiak nonahi, horietatik asko komunikabide desberdinetan esatari lanak egiten, eta beste jokamolde batzuetako pilotariak ere bai, Unai Laso edota Endika Barrenetxea, esaterako.
Azken batean, pilota munduko final handietan izan ohi den giro aparta, baina txapelketa honen kasuan bi ekitaldi nahikoa izan dituena egun berezi horien zerrendan bere lekua egiteko.A.A.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
