GARA
Donostia

Igotzen segitzen du Euriborrak (%3,5), zenbait mailegu 600 euro garestituz

Duela urtebete mailegua sinatu zuten pertsona batzuek orduan baino 600 euro gehiago ordaindu beharko dituzte hilero, Euriborraren etengabeko hazkundearen ondorioz.

Etxebizitza salgai, Iruñean; artxiboko irudia.
Etxebizitza salgai, Iruñean; artxiboko irudia. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Hamabi hilabeterako Euriborrak, hipotekak kalkulatzeko Estatu espainolean gehien erabiltzen den indizeak, etengabeko igoerari eusten dio eta %3,5etik gorako batez besteko tasa eman du otsail bukaeran, 2008ko azarotik handiena. Honek 600 euro inguruko garestitzea eragingo du zenbait hipoteka mailegutan.

Efek eman zituen Bloomberg agentziaren datuak: euriborra %3,524ko batez besteko tasara iritsi zen otsailean, urtarrileko %3,337 eta abenduko %3,018 erraz gaindituz.

Duela urtebete, 2022ko otsailean, Euriborrak negatiboan kotizatzen zuen, eta hilabetea -%0,335ean itxi zuen.

Azken hamabi hilabeteetan izandako igoera garrantzitsu horren ondorioz, duela urtebete kreditua sinatu zuten eta egungo datuekin berrikusi behar duten hipotekadunek berriz ere beraien kuoten garestitze handia jasango dute.

Batez besteko hipoteka baten kasuan -143.854 euroko mailegua 25 urtera eta Euriborra gehi %1eko tasarekin-, hileko kuota 280 euro igoko da, 3.372 euro urtean.

Hipoteka 300.000 eurotik gorakoa bada, baldintza berberekin, kuota ia 600 euro handituko da hilean, 7.000 baino gehiago urtean.

Oraingoz ez da motelduko

Jose Lizan Magnum Sicav enpresaren kudeatzaileak Eferi adierazi zion ez dela espero Euriborraren igoera epe laburrean motelduko denik, Europako Banku Zentralaren (EBZ) politika monetarioa gogortu egingo baita.

HelpMyCash.com finantza konparatzailearen ustez, gainera, litekeena da Euriborrak gora egiten jarraitzea. Hipoteka merkatuan aditua den Miquel Rierak adierazi zuenez, «indize hori martxoan %4tik gora itxiko da, EBZren politiken ondorioz».