Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Gertatu ahal zena

Iaz zendu zen Hilary Mantelen omenez apirilean Ingalaterrako Southwark katedralak jasoko duen ekitaldiari buruzko albistea irakurri eta ohartu naiz idazlearen nobela bakar bat ere ez dudala irakurri. Ikusita daukat BBC-k bere trilogia ezagunetik abiatuta (Thomas Cromwellen bizipenetan oinarrituriko hura) egindako telesailaren lehen denboraldia, baina hainbat sari jasotako nobelei ez diet heldu. Irakurrita dauzkat, ordea, bere ipuinak, askori hain ezagunak egingo ez zaizkionak. Mantelek umore beltza maisuki landu zezakeela erakusten dute.

Gogoan dut “The Assassination of Margaret Thatcher” (Margaret Thatcherren hilketa, 2014) ipuina, non IRAko kide bat Erresuma Batuko lehen ministro izandakoa hiltzeko prestatu den, begi ebakuntza baten harira ospitalera joan behar duen egunean. Galdara konpontzera etorri den iturginaren plantak eginda, IRAko kideak ospitale aurreko pisu batean sartu eta jabea (adinean sarturiko emakume bat) bahitu egin du. Baina, hara non, andreak IRAko kideak beste gorroto diola Thatcherri eta sentimendu horri tiraka harreman xelebrea sortuko da. Ipuin horrek, Mantelen gainerako lanek bezala, historia du abiapuntu; baina kasu honetan, gertatutakoaren gainean sakondu beharrean, gertatu ahal izan zena (IRAk Thatcher hiltzea) du aztergai. Horrek zer eragin izan zezakeen gertuko historiaren norabidean, irakurlearen esku uzten du Mantelek hausnarketa.