GARA
BILBO

Tourra «ikurrin uholdez» janzteko herri ekimena antolatu du Gure Eskuk

Gure Eskuk herri ekimena antolatu du Tourrerako, Euskal Herria «zazpi lurraldez osatua dagoela eta erabakitzeko eskubidea duela» aldarrikatzeko. Errepideak «ikurrin uholdez» bete eta airetik ikusgarriak izango diren irudiak sortzeko deialdiak egongo direla iragarri dute. Ekimena finantzatzeko «crowdfunding» kanpaina bat ere abiatu dute, Itsulapikoa.eus-en.

Gure Eskuk atzo aurkeztu zuen herri ekimena Bilbon.
Gure Eskuk atzo aurkeztu zuen herri ekimena Bilbon. (Oscar MATXIN | FOKU)

Bilboko Bizkaia Aretoan agerraldi jendetsua egin zuen atzo Gure Esku egitasmoak erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria Tourrera iritsiko dela jakinarazteko. ‘‘Herri bat gara, Euskal Herriak erabaki’’ izendatu duten herri dinamikaren barruan, errepideak ikurrinez bete eta airetik ikusgarriak izango diren irudiak sortzeko deialdiak egingo dituela iragarri zuten.

Tourreko lehenengo hiru etapak Euskal Herrian hasi eta amaituko dira oso-osorik. Aurrena uztailaren 1ean Bilbon hasi eta amaituko da; bigarrena, Gasteiztik Donostiara abiatuko da; eta hirugarrena, Zornotzatik Baionara. Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileak azaldutakoaren arabera, herri dinamikak ongietorria egingo dio Tourrari eta honek duen nazioarteko oihartzuna baliatuko du Euskal Herria nazioartean proiektatzeko, hau da, «Europako txoko honetan zazpi lurraldez osatutako herri bat dagoela, nortasun propioa duena, Europako hizkuntza zaharrenarekin bizi dena, bere burua gobernatu nahi duena, txirrindularitza gustuko duena eta guzti hori harrotasunez bizi duena».

Inoizko ikurrin erraldoiena

Gure Eskuk Euskal Herria nazioartean aitortua izateko nahia ere plazaratu zuen: «Iruditzen zaigu nazioartean ere badagoela zer jokatu eta aurten Tourrean ‘Basque decide - Euskal Herriak erabaki!’ leloaren bidez gure herriaren erabakitzeko eskubidea aldarrikatuko dugu».

Hala, Gure Eskuk Le Grand Depart-ek egin duen deialdiarekin bat egiten du, «baina deialdi hori biderkatuz», Bilbotik Baionaraino «ikurrin uholdea ikusaraziz euskal errepideetan», eta hainbat leku esanguratsutan airetik hartzeko moduko irudiak sortuz.

Gainera, «inoiz egin den ikurrinik erraldoiena» sortuko du Gure Eskuk, «jasoko diren irudietan argi ikusteko herri honek bere izatea harrotasunez bizi duela».

Era berean, hirugarren egunean Tourrak Bidasoa zeharkatuko du eta han ekimen berezia egingo dela iragarri zuten, «bi aldeetan euskaldunak bizi garela eta aldarrikapen ugari dituen herria garela erakusteko». Erronka honi neurria hartzeko instituzioekin, enpresekin, eragileekin, elkarteekin txirrindulariekin eta kazetariekin lanketa berezia egingo dute eta herri zein eskualdeetan batzordeak sortuko dituzte.

«Crowdfunding» kanpaina

Ikurrin erraldoia osatzeko eta Tourraren inguruko lanketa finantzatzeko crowdfunding kanpaina jarriko dute abian Itsulapikoa.eus plataformaren bidez eta ekarpena egiten duen orok bere burua bertan ordezkatuta ikusiko duela azaldu zuen Etxaburuk: ikurrinaren gorri eta berdea euren izenez osatuta egongo da eta ikurrinaren zurian ‘‘Basque decide - Euskal Herriak erabaki!’’ leloa joango da.

Azkenik, Gure Eskuk uztailaren hasieran «berriro ere elkarrekin kalera atera eta herri bat garela argi esateko aukera ederra» izango dugula azpimarratu zuen, «mundu osoan ikus gaitzaten eta uler dezaten erabaki nahi duen herria garela eta hori lortu arte batera lanean jarraituko dugula».