Andoni ARABAOLAZA
ESKALADA

Ziordiako espoloiak bi zaindari berri jaso ditu

CVCE-ko ekipatzaileen taldeak «Gokyo» bidea (6c, 6a+ halabeharrez, 220 m) sortu du eta Aritz Azkue eta Mikel Saez de Urabainek «Bidelagun» marra berria (7b+, 250) ireki dute.

Ziordiako espoloiak betidanik izan du halako aura berezi bat. Eta pasadizozko gertaera bat baldin bada ere, esan genezake geologiak eta eskaladak bat egin dutela. Izan ere, arrokazko formazio luze horrek estetikan du oinarria. Sakanako autobia zeharkatzen denean, nork ez dio behin baino gehiagotan begiratu? Eta ikuspen horrekin liluratu?

Bada, eskaladaren aldetik aurrera genezake Ziordiako espoloia “bizitza” hartzen ari dela. Duela lau hamarkada sekzio horretan bide bat, egun klasikoa dena, zabaldu zen, eta harrezkeroztik estandarte horrek erabateko protagonismoa izan du. Ondoren, pixkaka-pixkaka bada ere, haren eskuinean zein ezkerrean zirrikitu berriak zabaldu dira. Bide luzeetako eskalada eremu sendo baten forma hartzen joan da. Batez ere, azken urteotan espoloiaren eskuinean dagoen Arbara izeneko hormetan makina bat zirrikitu sortu dira.

Orain, berriz, Ziordiako espoloiak berak indarra hartu du. Zehazki esanda, bi taldek eman diote, bide bana zabalduta. Bi zaindari berri, alegia. Batetik, CVCEko ekipatzaileen taldeak espoloiaren eskuinean “Gokyo” (6c, 6a+ halabeharrez, 220 m) sortu du. Ezkerraldean, berriz, Aritz Azkue eta Mikel Saez de Urabainek “Bidelagun” (7b+, 250 m) ireki dute.

Lan horiek lehenak amaitzen Donostiako mendi elkarte horretako kideak izan dira. Hain zuzen ere, zazpikote bat izan da ekarpen berria egin duena: Stig Larrañaga, Josu Ulazia, Josetxo Rodriguez, Xabi Intziarte, Dani Ruiz Zeberio, Karmel Leizaola eta Quim Hernando.

Talde horrekin hartu-emanetan jarri bezain laster, lehen ezustekoa hartu dugu. Adierazi digute bide berriaren asmoa txantxa batekin hasi zela: «Espoloi hori oso erakargarria da, eta hari ez begiratzea ia ezinezkoa. Marra bat argazki batean marraztu eta taldeko whatsapp-ean zintzilikatu zen. Zer edo zer zabaltzea aipatzen zen. 2019. urtearen amaiera zen, eta txantxa bat zena irudikatzen hasi ginen. Marra berri bat sortzeko asmoarekin animatu ginen. Eta, hortaz, garai haietan gure tramankulu guztiekin espoloi horretara abiatu ginen. Ageriko zirrikitu bat ikusi genuen, eta, denbora galdu gabe, lanean hasi ginen».

Eta horretan zirela, bat-batean ohartu ziren behetik hasita bide bat zabaltzea ez zela txikikeria bat. Une jakin batean bloke handi ezegonkor batzuk eta goialdeko artesiak zailak zirela ikusi ondoren, estrategia aldatu zuten: «Lehen bi luzeetan, hein batean, behetik hasita jardun genuen, baina ‘Gokyo’-ren bigarren zatia goitik zintzilikatuta garbiketa lan ikaragarria egin dugu. Artesi guztiak oso zikinak zeuden, eta horietan autobabeserako tresneria jarri behar denez, den-dena txukun jartzen ibili ginen. Gainera, sekzio horretan hezetasun handiagoa dago. Batez ere, bidearen giltzan. Marra klasikoan sartu eta bilerak ekipatzen hasi ginen. Ondoren, hauetatik jaitsi eta aipatu dugun garbiketa lan horiei ekin genien. Bloke izugarri handiak bota genituen; horietako batek 200 kilo tona pisatuko zuen!».

Denera, “Gokyo”-k sei luze ditu, eta behetik zabaldu ez badute ere, nortasuna duen marra bat da. Horrekin esan nahi dugu, eskalada tradizionalak indarra hartzen duela; izan ere, norberak bere burua friend-ekin eta fisureroekin babestu behar du. Bilerak eta bidearen giltzak (bi parabolt soilik) txapekin ekipatuta daude.

Bidearen ezaugarriei dagokienez, artesiak, plakak eta diedroak nagusi dira. Erori pixka bat duen tarte bat ere badago. Zailtasun teknikoei begiratzen badiegu, halabeharrez 6a+ eskalatu behar da. Hala ere, protagonistok diote hobe dela 6b menderatzea: «Sei luze horietan bi parabolt soilik daudenez, hobe da eskarmentua izatea ohiko tresneria jartzeko. Tresneria asko eraman behar da eta beti adi egon behar da kokalekuak ikusteko. Hitz batean esanda, bide hau ez da ‘korrika’ egiten. Aipatu behar dugu, gainera, luze ia gehienek metro asko dituztela. Adibidez, bigarren luze ikusgarriak 55 metro ditu. Bestalde, arroka oro har ona da. Baina esan dugun bezala, asko garbitu dugu».

Iazko otsailaren 28an “Gokyo”-k lekua hartu zuen Ziordiako espoloian. Lan guztiak bukatu eta taldeko sokada batek bidearen lehen igoera egin zuen. CVCEko eskalatzaile hauek diote proposamen erakargarria dela: «Guri, bederen, hori iruditu zaigu. Errepikatu duten beste batzuk iritzi berekoak dira. Lan asko (20 egun eta makina bat ordu) egin dugu, eta espero dugu marra klasiko bihurtzea. Hori denborak esango du».

«Bidelagun»

Izen hori hartu du Azkuek eta Saez de Urabainek zabaldutako bide berriak. “Gokyo”-k espoloiaren eskuinean ekarpena egin duen bitartean, azken hori ezkerrean kokatzen da. “Bazkidea”-k ez bezala, Saez de Urabainek aipatu duenaren arabera, “Bidelagun” marrak denbora gehiago behar izan du lan guztiak bukatu ahal izateko: «Berez, Aritzek eta biok bost egun behar izan ditugu, baina hiru urtean banatuta, bidea txukundu, bukatu eta krokisa argitaratzeko. Eguneroko konpromiso saihetsezinak eta erdian harrapatu gintuen pandemia izan dira proiektua denboran luzatzeko arrazoiak».

Eskalada tradizionalean oinarritutako 250 metro luze den proposamen berria, behetik eginiko lanak, kontuan hartzeko zailtasun teknikoak… Denborak harrapatu ditu, bai, baina eginiko ekarpena biribila eta bikaina izan da: «Sabai handiaren eskuineko muturretik abiatzen da, eta eskalada librean plaka bertikal horiek gainditzeko bidea hartzen du. Berehala espoloiak duen monolitoaren bila doa. Lehen luzearen ondoren, ia ibilbide guztian zehar, espoloiaren ondoan doa paraleloan».

Bidearen sortzaile horrek adierazi du bigarren luzeak, ikusgarria izateaz gain, mugimendu dotoreak dituela eta arroka ezin hobea duela: «Eskuin-ezker joera du, eta tarte bertikalaren bila doa. Lehen luzeko artesi sistemak jarraipena du hemen, eta oraindik ibilbide horretan metro batzuk gehiago egiten dira. Amaieran, sabai handia baino lehenago plaka trinko bat gainditu behar da. Zati horretan zailtasuna metatzen da, eta parabolt batek babesten du. Sabai txiki bat gainditu eta luzearen zati nahasi batean sartzen da. Hots, plaka tekniko batean».

Hirugarren luzearen (55 m) berezitasuna da bileratik irten bezain pronto zailtasunak indarra hartzen duela. Laugarrenak, berriz, buruhausteak eman zizkien. Horma tente batetik gora egiten du: «Era egoki batean babestea zen erronka. Ireki genuenean luze hori garbi atera zen, baina ikusi genuen konpromiso asko zuela batez ere harkaitzaren kalitatearengatik. Hortaz, parabolt batzuk jartzea erabaki genuen. Luze hori gainditu ondoren, bosgarrenari ekin genion. Gure ustetan, luze onena da. Ez ditu pauso gogorrak; bai, ordea, mugimendu ederrak».

Azken-aurreko luzeak oztopo natural batekin topo egiten du; hots, sabai handi eta leun batekin. Sabaia saihestu eta kalitate handiko metroak aurrez aurre ditu: «Sabai horren azpian saiek habia egiten dute. Errepikatzaileek hori kontuan hartu beharko dute, batez ere umatze garaia heltzen denean. Luze hau zapore atsegina uzten duen horietakoa da. Zazpigarren eta azken luzean artesi zabal eta tente bati jarraitu behar zaio».