GARA
IRUÑEA

Mariñelarena artez oroituko dute Etxarri Aranatzen

1993an espetxean hil zen Pello Mariñelarena bizilaguna oroitzeko egitaraua prestatu du Etxarri Aranazko herritar talde batek. Artea, hausnarketa eta memoria uztartuko dituzte datozen asteetan.

Egitaraua prestatu duen herritar taldea, Mariñelarenaren gertukoekin batean.
Egitaraua prestatu duen herritar taldea, Mariñelarenaren gertukoekin batean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Datorren maiatzaren 15ean 30 urte beteko dira Pello Mariñelarena Imaz (1963) etxarriarra Parisko La Santé kartzelan hil zenetik. Gaixotasun larri batek jota, espetxeko «arretarik ezak» eraman zuen heriotzaraino, haren familiak eta gertukoek hainbatetan salatu dutenez. Urtemuga kari, «oroimen eta aldarrikapenerako» egitaraua prestatu du Etxarri Aranazko herritar talde batek.

Talde honek agerraldia egin zuen atzo ekimenaren berri emateko, eta prentsaren aurrean izan ziren Mariñelarenaren gertukoenak ere; Muxi Mariñelarena arreba eta Felix Altzelai laguna.

Azken honek eman zuen apirilaren 30etik maiatzaren 13ra luzatuko den ekimen sortaren berri. Igandean hasiko da egitaraua, 18.30ean, Kultur Etxean egingo den “Apaiz kartzela” dokumentalaren emanaldiarekin. 1968-1976 artean Zamoran preso egon ziren lau apaizen bidaia kontatzen du ikus-entzunezkoak, atzera ere kartzelara egin zutenekoa. Xabier Amuriza zen horietako bat, eta solasaldia eskainiko du dokumentalaren ostean.

Maiatzaren 5etik 12ra, herriko kultur etxeak Iñaki Pikabea Piti preso ohiaren “Ekinaren ekinez” arte erakusketa hartuko du, eta maiatzaren 10ean, 19.00etan, hausnarketarako espazioa irekiko da kultur etxean, Pikabea eta Jokin Urain preso ohiekin. “Sorkuntza eta espetxea” izango dituzte mintzagai.

Oroimena eta aldarrikapena batuko dituen ekitaldiarekin amaituko da egitaraua, maiatzaren 13an, 12.30ean. Etxarri Aranazko plazara bilduko dira herritarrak, Pello Mariñelarena oroitzeko eta gaixo dauden presoak etxera itzul daitezela eskatzeko.

Sortzaileari artea

Pello Mariñelarena igeltseroa zen, harik eta ihes egin behar izan zuen arte, bere bi lagun atxilotu eta torturatu zituztela jakitean, haren arrebak gogoratu zuenez. «Polizia bere bila joan zen Galiziara, pairatzen zuen droga mendekotasunetik sendatzen ari zen zentrora, baina ordurako Pello alde eginda zegoen», esan zuen.

Sasian zebilela hasi zen Mariñelarena margotzen eta idazten, eta sortzen segitu zuen kartzelan, 1990eko azaroan Bretainian atxilotu eta La Santén sartu zutenetik. 1993ko apirilean hiesa diagnostikatu zioten, eta handik hilabetera hil zen.