Oiardoko esnetegia ireki dute haurrek sektorea ezagut dezaten
Gorbeiako mendi-magaletik oso gertu, Oiardon, Azkorra familia-baserria jendearentzat ireki dute. Bereziki umeei zuzendutako bisita gidatuak eskaintzen hasi dira «esne litro baten atzean dagoen guztia» bertatik bertara ezagutu eta ikusteko.

Duela hilabete hasi ziren Oiardoko (Araba) Azkorra familia baserrian bisita gidatuak eskaintzen, abeltzaintza sektoreari «ikusgarritasuna emateko» eta esne-ekoizpenaren atzean dagoen lan guztia ezagutarazteko. Batez ere, eskolei zuzendutako bisitak dira, baina asteburuetan nahi duen edonor ere hurbil daiteke.
Leire eta Jon Saezen sendiak zaintzen ditu esnetegia eta inguratzen duen 80 hektareako landa eremua duela hiru belaunalditik. Beraz, gurasoengandik ikasi dute nola elikatu eta jetzi behiak, eta gaur egun Kaiku enpresarentzat ekoizten dute. Ekonomia zirkularrean oinarrituta, belardiak ongarritu eta uzta biltzen dute, behiak elikatzeko. Gero, larreak behien simaurrarekin ongarritzen dituzte.
Maialen Angulo bisitak eskaintzeaz arduratzen da, herrian bertan bizi da eta berarentzat «oso garrantzitsua» da baserria ikusteko aukera eskaintzea. «Beharrezkoa da belaunaldi berriek hau ezagutzea, baserri lanbidea galtzen ari delako eta kontzientziatu behar da», azaldu zion GARAri.
Astegunetan etortzen zaizkien haurrek bisita «oso pozik» bukatzen dutela esan du Angulok. «Baserrian ikusten ditugu behiak, ikusten dugu zelan jezten diren eta pentsua ematen diegu. Hori da gehien gustatzen zaiena».
Esperientziak eskaintzen duen gertutasuna ere nabarmendu zuen: «Gu baserritarren etxean sartzen gara eta ikusten dena dagoena da. Aurrekoan behi bat jaio zen justu bisita bat etorri baino lehen eta zelan altxatzen eta garbitzen zen ikusi genuen. Oso proiektu polita da».

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra
