GARA
DONOSTIA

Arartekoak torturaren biktimen aldeko lanari eusteko dei egin die erakundeei

Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazio Batuen Nazioarteko Eguna dela-eta, adierazpen publiko bat kaleratu zuen atzo Arartekoak. Nabarmendu zuen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erakunde publikoek «urrats egokiak» eman dituztela torturen «biktima guztiei laguntzeko» politikak eginez, eta beraz, lan horretan jarrai dezatela galdegin zieten.

Torturaren kontrako ekitaldia Zizurkilen.
Torturaren kontrako ekitaldia Zizurkilen. (Iñigo URIZ | FOKU)

Arartekoak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako botere publikoek torturaren biktimak aintzatesteko eta konpontzeko emandako «urrats egokiak» goratu zituen atzo. Erakundeei eskatu zien jarrai dezatela «biktima guztiei laguntzeko politikak egiten» eta haiei «babesa erakusten».

Gaur ospatzen den Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazio Batuen Nazioarteko Egunaren kariaz jaso zituen hitzok Arartekoak adierazpen batean, eta publiko egin zituen. Bertan azpimarratu zuen tortura gizateriaren aurkako krimen preskribaezina dela, eta argi utzi zuen ekinbide horren kontrako debekua erabatekoa dela eta ezin dela inola ere justifikatu: «Tortura gizon-emakumeen kontrako krimena da, preskribaezina. Biktimaren osotasun fisikoa eta nortasuna suntsitzen ditu, pertsona izateak berez duen duintasuna arbuiatuz. Tortura erabat debekatuta dago eta ezin da inola ere justifikatu. Horrela, Nazio Batuek eta nazioarteko erkidego osoak beti gaitzetsi izan dute torturatzea, gizaki batek beste baten kontra egin dezakeen ekintza arbuiagarrienetako bat baita.»

Manuel Lezertuak gidatzen duen erakundeak onartzen du EAEko botere publikoak lan ona egiten ari direla torturen biktimen alde. «Arartekoak onartzen du Euskadiko botere publikoek urrats egokiak egin dituztela torturaren biktimei aitortza eta erreparazioa egiteko», aitortu zuen erakundeak oharrean.

Instituzio publikoek martxan jarritako ekinbide batzuk goratzeko ere aprobetxatu zuen adierazpen publikoa. Horien artean, «nabarmentzekoak dira -adierazi zuen- ‘1960tik 2014ra Euskal Herrian gertatutako tortura kasuen ikerketa-proiektuaren amaierako txostena’, non adierazten baita aldi horretan 4.113 tortura-kasu gertatu zirela Euskadin; 107/2012 Dekretua eta ondorengo 12/2016 Legea, motibazio politikoko indarkeriaren biktimei aitortza eta erreparazioa ematen diena».

Horregatik guztiagatik, eta Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazio Batuen Nazioarteko Eguneko efemeridea probestuz, Arartekoak Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko erakundeei galdegin zien jarrai dezatela «biktima guztiei laguntzeko politikak egiten eta babesa erakusten, modu inklusiboan eta giza eskubideen nazioarteko zuzenbidea errespetatuz, betiere indarrean mantenduz torturen biktimen eskubideen aitortza ezinbestekoa». «Horixe da bide bakarra hain egintza arbuiagarriak berriz ez gertatzeko», nabarmendu zuen instituzio honek.

Arartekoak gaineratu zuen, «nazioarteko estandar berrienen argitan», «mandatu proaktiboa» burutu behar duela giza eskubideak sustatzeko eta babesteko. «Mandatu horren arabera, berari [Arartekoari] dagokio, esku hartzeko duen eremuan, tortura bezalako delitu larriak betikotu ez daitezen, giza eskubideetan oinarritutako kultura zabaltzea, horiek ahaztea eta zigorrik gabe geratzea eragoztea, eta egiarako, justiziarako eta biktimen erreparaziorako eskubidea gauzatu dadin erraztea; hori bai, eginkizun judizialetan eskurik sartu gabe», agertu zuen.

Gogoratu zuen, bestalde, nazioarteko zuzenbidearen arabera, biktimaren nozioa «modu zabalean» interpretatu behar dela; «izan ere, kontzeptu horrek ez du eskatzen kaltearen arduraduna (torturaren delituan, funtzionario publikoa edo eginkizun publikoak betetzen dituena) identifikatua edo erruduntzat joa izaterik».

ESTRASBURGOKO AUZITEGIA

Adierazpenean, Arartekoak gogoratu zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegiak epai askotan jaso duela tortura, tratu txar edo iraingarriak eta zigor bidegabeak jasan dituztela alegatzen duten pertsonen salaketak «zehatz-mehatz ikertzeko» Europako arauek ezartzen duten obligazioa.

Ohartarazi zuen, beraz, esparru horretan ikerketa oztopatzeko edo informazioa ezkutatzeko edozein ekintzak nazioarteko araudia urratzen duela, baita ikertzeko betebeharra betetzeari uko egiteak edo pasibotasunak ere.

Ildo horretatik, adierazi zuen Europako goi-jurisdikzioak adierazi duela Estatu espainiarrak behin eta berriz urratu zituela bere ikerketa-betebeharrak. Beste behin, nabarmendu zuen tortura gorestea edo justifikatzea bateraezinak direla ez errepikatzeko bermearekin. «Are gehiago, modu frogagarrian torturatzat jotako ekintzengatik kondenatuak izan direnei indultuak, ohore publikoak edo sustapen profesionalak ematea», gaineratu zuen.

«Gizarteak zigorgabetasun pertzepzioa izateak edo gizon-emakumeen kontzientziari nazka ematen dioten krimenak zuritzeak barrua jaten diete zuzenbideko estatu demokratikoaren oinarriei», deitoratu zuen Arartekoak.