Laminacionesko «etorkizuna bermatzeko urratsak» eskatuko dituzte Madrilen
Gasteizko eta Urbinako Laminaciones Arregui-Celsa Atlantic fabriketako langileek, enpresaren jabetza aldaketaren aurrean, «lantegiaren etorkizuna bermatzeko urratsak» eta «kudeaketaren inguruko gardentasuna» exijituko dituzte gaur Madrilen.

Laminaciones Arregui kide duen Celsa Taldearen jabetza aldaketa dela eta, Gasteiz eta Urbinako lantegietako langileak Madrilen bilduko dira gaur gai ekonomikoetarako idazkari nagusiarekin, Manuel de la Rocharekin, «lantegiaren etorkizuna bermatzeko urratsak» eta kudeaketaren inguruko gardentasuna» exijitzeko dinamika baten barnean. Estatuko beste lantegi batzuetako atal sindikal gehiagorekin batera izango da bilera.
Atzo Gasteizko LAB sindikatuaren egoitzan eskainitako prentsaurrekoan gogora ekarri zutenez, Bartzelonako Merkataritza Aroko 2. Epaitegiaren iraileko sententzia baten bidez, Celsa Taldeak hartzekodunak berregituratzeko plana homologatu zen eta Rubiralta familiaren eskuetatik inbertsio funtsen talde handi batera igaroko da.
Aitzitik, ez lehengo ezta etorkizuneko jabeak ez dira Laminaciones Arreguiren plantillarekin harremanetan jarri azalpenak emateko, salatu zutenez, eta «gure informazio bide bakarrak komunikabideetan argitaratuz joan diren berriak izan dira, eta langileok ezin izan ditugu egiaztatu».
Madrilen eta jabe berriaren arteko akordioan jasotzen den 18 hileko enplegu bermea «erabat eskasa» dela uste dute, «gainera, elkar ulertzeko memorandumik gabe». Industria planik ez egotearen aurrean «kezka» ere adierazi zuten.
Gobernu espainolak eta jabe berriak erakutsitako «opakutasunaz» gain, Lakuak, Estatuko beste toki batzuetan ez bezala, Industria Ministerio espainolarekin eta jabe berriarekin bitartekari lanak ez egin izana deitoratu zuten, langileek Lakuarekin uztailetik egindako bilerak gorabehera.
David Garcia batzordeko presidenteak azpimarratu zuenez, beraientzat garrantzitsuagoa da enplegua bermatzea eta industria plan bat izatea, «jabe berria nor den baino».
Batetik, plantillari eragiten dioten akordioak eta plantillak onartu behar dituela exijituko dute. Bigarrenez, akordioek «jarduera eta enplegua mantentzea, etorkizuna bermatzea eta lan baldintzak errespetatzea» ardatzak izan behar dituztela. Gainera, sektorea ezagutuko duen «eragile industrial baten agintea eta kudeaketa» eskatuko dituzte. Azkenik, «hazkundea bermatuko duen» epe ertain eta luzerako industria plan bat nahi dute.

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
