Auzitegi Nazionala, Natxo Cicatriz eta «Vinader auzia»

Urtarrilaren 5. egun honetan, baina urte ezberdinetan, izandako hiru gertaera: Auzitegi Nazionalaren sorrera, Natxo Cicatriz punk abeslariaren heriotza eta Xavier Vinader kazetariaren auzia eragin zuen “ultra” baten kontrako ETAren ekintza. Egunak ez ezik, euskal gatazkaren hari-muturrak ere lotzen dituzte gertaerok.
“Egin” jaio baino hilabete batzuk lehenago eratu zuten Auzitegi Nazionala, euskal egunkaria itxi zuen auzitegi bera. Auzitegi Nazionala orduan sortu zela esatea ez da, halere, oso zuzena. Berez, epaitegi berri bat sortu baino gehiago, aurretik zetorren beste bat eraldatu baitzuten, frankismoaren ondorengo printzipio gidariari segituz: haustu- rarik ez, erreforma baizik. 1977ko urtarrilaren 5a, gaurko egunez duela 47 urte, Tribunal de Orden Público frankistaren azken eguna eta Auzitegi Nazionalaren lehena izan zen.
«Terrorismoaren kontra» jardutearen aitzakiapean, eskubide asko, eta maiz, urratu ditu epaitegiak, eta urteak pasa ahala eskubide urraketaren orbana zabaldu baino ez da egin, adierazpen askatasunari jarritako mugak adierazpen artistikoraino eraman arte.
Beharbada, azken hamarkadatan aurrekoetan baino arazo gehiago izan dituzte Auzitegi Nazionalean eremu ezberdinetako artistek. Askoren ustez, Euskal Rock Erradikaleko taldeek Auzitegi Nazionalarekin orduan izandakoak baino askoz ere arazo gehiago izango zituzketen ondorengo hamarkadatan, azken garai honetan titiriteroak eta rap-abeslariak auzipetzen, kartzelatzen edo erbestearen bidea hartzera behartzen ikusi baitugu Espainiako epaitegi berezia.
E.P.N.U.P.Q.N.A.Q.T.J.N
Hemerotekari begiratuta, ez dugu halakorik aurkitu Natxo Cicatrizen kasuan, nahiz eta hark kantatzen eta botatzen zituen hitzak polemikoak eta gogorrak izan. Punkia zen Natxo, eta Cicatriz talde «marjinala» zela zioen berak. Atxilotu zuten eta kartzelatik ere pasatu zen, baina ez zuen Auzitegi Nazionalarekin topo egin. Urte batzuk beranduago kantatzen segituz gero, seguru asko izango zuen harekin arazoren bat.
Natxo Etxebarrieta gaurko egunez hil zen duela 28 urte. 1996ko urtarrilaren 5a zen. Cicatriz taldeko hasierako lau kideak hil ziren garai hartan, belaunaldi oso bat kolpatu zuen heroinaren ondorioz. Natxo izan zen azkena, 88an motoz izandako istripu batek eta drogen eraginak bere osasuna larriki kaltetu ostean.
Urtebete lehenago, elkarrizketa eskaini zion “Egin”-i Natxok; zehazki, “Gaztegin” gehigarriari. Elkarrizketa hartan bere ibilbideari eta biziari begiratzeaz gain, oraindik oholtza gainean aritzeko gogoa erakutsi zuen. Heroina aipagai berezia izan zuen: «Euskadi izan zen heroina sartu zen lehen tokia, argi dago. Badakigu zertarako sartu zuten. Guri tokatu zitzaigun. Besterik gabe». Euskal gatazkari aipamen zuzena, berriro ere.
Haren heriotzak izan zuen “Egin”-en azken anekdota bat. Natxoren Iruñeko lagunek eskela jarri zioten egunkarian, ulergaitza benetan. Hildako punk abeslariaren izenaren azpian «E.P.N.U.P.Q.N.A.Q.T.J.N» irakur zitekeen. Egun batzuk beranduago, eskela jarri zutenen azalpena argitaratu zuen egunkariak. Natxoren izaerarekin bat zetorren azken adar jotzea izan zitekeen, baina ez zegoen horrelakorik. Bere lagunak ez zeuden konforme eskela hari “Egin”-eko zuzendaritzak emandako aterabidearekin. Eskelen testuentzat arau oso zorrotzak zituela esan zien egunkariaren arduradunak, baina Iruñeko lagunak ez ziren ados «beren egunkariak» hartutako erabakiarekin.
Ulergaitza eta zentzugabea izan zen, alafede, erabaki hura. Sigla haiek esaldi hauxe ezkutatu nahi zuten, Natxok makina bat aldiz kantatutakoa: «Enemigo público número uno porque no aguantas que te joda ninguno».
Anekdota horrekin batera, beste kontu batek ere nahikoa oihartzun izan zuen Natxo Cicatrizen azken garaian. Aipatu “Gaztegin”-eko elkarrizketako argazkietan ETAren “bietan jarrai” bat zuen zintzilikatuta lepotik punk kantariak. Lehen guardia zibila tiroz hil zuen eta Guardia Zibilak tiroz hil zuen lehen ETAko militantea, Txabi Etxebarrieta, familiakoa zuela gogoratu nahi izaten zuen.
Izan ere, 80ko hamarkadan, Europa industrializatuan, Cicatriz bezalako taldeak edo Natxo bezalako pertsonaiak edonon ager zitezkeen arren, Euskal Herrian halako fenomenoek izaera propioa hartu zuten bertako gatazka politikoari lotuta. Musikalki, horri denari izena ere jarri zitzaion, protagonista guztiak etiketarekin konforme ez baziren ere: Rock Radical Vasco.
«VINADER AUZIA»
Euskal gatazkak eta, zehazki, ETAren jardunak egunerokoan izan du isla gure hedabideetan. Beste urtarrilaren 5 batean, 1980koan, ETAk Jesus Garcia Garcia hil zuen hark Barakaldon zuen tabernan. Horrela eraman zuen lehen orrialdera “Egin” egunkariak hurrengo egunean: «Matan a un ‘ultra’ en Baracaldo» goiburuarekin eta «Jesús García García había sido denunciado en ‘Interviú’ como ‘organizador de las acciones de los comandos incontrolados’». Handik egun gutxira, aipatu aldizkarian azaldutako bigarren “ultra” bat hil zuen ETAk.
“Vinader auzia”-ren hasiera izan zen. ETAk aipatutako bi pertsona horiek hil ostean, epaile batek Xavier Vinader kazetariaren kontra jo zuen, ekintza horien eragile gisa, jakina izan arren ETAk bi ultraeskuindar horien berri bazuela “Interviú”-n agertu aurretik. Frantziara ihes egin zuen orduan Vinaderrek. 1980ko urte amaierarako Auzitegi Nazionalean aurkeztu zuen bere burua. Hurrengo urtean epaitu zuten eta zazpi urteko kartzela zigorra jarri zioten. Berriro ihes egin zuen; antza, Gobernu espainolarekin indultua negoziatzen zuen bitartean. 1984. urtean itzuli zen eta hilabete gutxi batzuk egin zituen kartzelan, Gonzalezen Gobernuak indultatu zuen arte.
Adierazpen eta prentsa askatasunaren ikur bilakatu zen.
[1987] La prensa se inventa un territorio liberado de ETA en Andalucía
Conceptos como y son de uso común en los últimos tiempos. Las grandes cuestiones políticas y sociales han sido sacudidas por estas dañinas prácticas. En el caso de las , la alarma se generalizó en los meses de pandemia, pero la verdad es que no es un problema reciente, mucho menos en lo que se refiere a la información sobre la realidad de Euskal Herria y las duras circunstancias vividas en este conflicto durante décadas.
Incluso aquellos que braman contra las noticias falsas no han tenido problema en difundirlas si se trataba de apoyar las políticas de intoxicación contrainsurgentes o, si se prefiere utilizar el lenguaje al uso, en el marco de la «lucha antiterrorista».
Para la prensa vasca contestataria, combatir las intoxicaciones tendenciosas ha supuesto una obligación. Es el caso de la denuncia que realizaba la primera página de “Egin” del 5 de enero de 1987, cuando en la prensa española se difundió que ETA prácticamente controlaba una localidad andaluza, donde se «sospechaba» que tenía hasta campos de entrenamiento militar.

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa
