Lakuaren «esku hartze falta» salatu dute Glavistako langileek
SPRIren Bilboko egoitzaren aurrean atzo egindako kontzentrazioan, Glavistako langile batzordeak adierazi zuen Lakuako Gobernuak ez diela bilera eskaerei erantzun. Beldur da Guardian enpresa «ez ote den denbora pasatzen uzten ari langile guztiak kaleratzeko eta espekulatzen jarraitzeko».

Autoetako haizetakoak ekoizten dituen Laudioko Glavista (2020ra arte Autoglas deitzen zena) enpresako langileak berriro mobilizatu ziren atzo, SPRIk (Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia) Bilbon duen egoitzaren aurrean. Bertan, langile batzordeak salatu zuen Arantxa Tapia buru duen Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako Sailak ez duela informaziorik ematen.
Salatu zutenez, Parter Capital eta Guardianek, enpresaren akziodun eta hartzekodun nagusiek, hurrenez hurren, konpainia hiltzen utzi dute. Guardianek 2020an, «aldez aurretik abisatu gabe eta ustekabean», erabaki zuen enpresa Parter Capital inbertsio funtsari saltzea.
Salmenta hori egin zenean, langileek okerrena gerta zitekeela pentsatu zuten, eta handik hiru urtera susmoa baieztatu zen. Lantegia geldirik dago, hartzekodunen konkurtsoan 2023ko apiriletik, eta iraungitzeko enplegu erregulazioko espediente bat tramitatzen ari da plantilla osoarentzat. Urte osoan zehar mobilizazioak egin dituzte.
2023aren amaieran irtenbide bat bazegoela zirudien. Amine enpresak konpainia erosteko interesa agertu zuen eta Parter Capitalekin negoziatzen hasi zen. Hala ere, arazo bat zegoen: Guardianek 2020an saldu zion enpresa Parter Capitali, baina ez haren lurrak. Aminek dena erosi nahi zuen, baina Guardianek ez zituen lurrak saldu nahi.
Orain, dena korapilatu da berriz. Amine merkataritza erregistroan desegin egin da. Langileek salatu zutenez, «Guardian eta Amineren arteko ustezko elkarrizketak eta negoziazioak, gatazkari irtenbidea emateko eta Lakuaren bitartekaritza dutenak, erabateko sekretua dira oraindik, eta ez dute ezer konpontzen».
«Zergatik ez digute jakinarazten negoziazioen bideak ez duela fruiturik eman? Zergatik ez da Glavistak jarraitzeko berehalako beste irtenbide bat bilatzen ari? Enpresa-erabaki espekulatzaile eta suntsitzaileak ezin dira jendearen gainetik egon, ezta erakundeen gainetik ere. Gaur egun, abandonatutako lursail batek 200 pertsonarentzako industria proiektu batek baino balio handiagoa du. Eta hori ahalbidetzen ari dira erakunde publikoak», adierazi zuten langileek atzoko mobilizazioan.
Horregatik, Lakuako Gobernuaren esku-hartze zuzena eskatu dute, eta berehala jarduteko premia dagoela nabarmendu.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
