GARA
DONOSTIA

Nestor Basterretxearen bizitza eta obra jasotzen dituen webgunea sarean da

Nestor Basterretxea (Bermeo, 1924 - Hondarribia, 2014) artista oparoaren jaiotzaren mendeurreneko ospakizunek aurrera jarraitzen dute eta, oraingoan, eskultorearen ibilbide pertsonal eta artistikoa jasotzen dituen webgunea aurkeztu dute. Hainbat adituren testuez gain, argazkiak, bideoak eta bere obren geolokalizazioa ere eskaintzen ditu.

Nestor Basterretxea Gernikan, 2012an, obra baten aurkezpenean.
Nestor Basterretxea Gernikan, 2012an, obra baten aurkezpenean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Nestor Basterretxearen unibertsoan murgiltzeko aukera ematen du artista handi honen bizitza eta obra jasotzen dituen webgune berriak (https://nestorbasterretxea100.artium.eus/eu/). Maiatzaren 6an ospatuko da haren jaiotzaren mendeurrena eta, sustatzaileek azaldu dutenez, Basterretxearen webguneak euskal artistaren alderdi biografikoak ditu ardatz lehen fase honetan eta berau osatzeko eskultorearen ibilbidea aski ongi ezagutzen duten zenbait pertsonaren parte hartzea izan dute.

Batetik, Peio Aguirre komisario, arte kritikari, editore, Basterretxeari buruzko zenbait erakusketa monografikoren arduradun eta ‘‘Un retrato de N.B.’’ dokumental saiakeraren egileak artistaren funtsezko aipamen biografikoa idatzi du, baita margolari eta eskultore ibilbideari, zineman, arkitekturan eta diseinuan egindako lanei eta lan instituzionalari buruzko testu bana ere. Bestetik, Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) Artearen Historian doktore eta komisarioa den Miren Vadillok saiakera labur bat egin du Basterretxearen konpromisoari eta dimentsio etikoari buruz, eta artistaren alaba Monika Basterretxeak idatzi oso pertsonala egin du familiaren ikuspegitik. Fernando Golvano arte kritikari eta komisarioaren saiakera bat ere argitaratuko da aurki.

Basterretxearen biografiaren atala denbora lerro batek -artistaren biografiaren mugarri nagusiak begiz ikusteko aukera ematen duena- eta bibliografia zabal batek osatzen dute, biak Gasteizko Artium museoko Dokumentazio Zentroak landuak.

JARDUERAK ETA IKUS-ENTZUNEZKOAK

Mendeurrenaren egitarauan iragarritako jarduerak ere biltzen ditu webguneak. Gorka Basterretxeak koordinatzen duen programan 20 kultura-erakundek baino gehiagok parte hartzen dute, eta 2024a eta 2025aren hasiera hartuko duten zenbait ekimenen berri ematen da; besteak beste, erakusketak, ikus-entzunezko programak eta kultur eta argitalpen jarduerak.

Media ikus-entzunezko baliabideei eskainitako atalean, Basterretxea Irurzun familia artxibotik, Irungo Udal Artxibotik eta mailegu partikularretatik ateratako argazki sorta zabala dago. Argazkiei esker, Nestor Basterretxearen ibilbidea eta sorkuntzaren alderdi ezberdinak ikus daitezke, artista lanetan hasi zenetik azken urteetara arte.

Atal berean bideo zaharrak eta sortu berriak egongo direla ere zehaztu dute, mendeurrena dela-eta Basterretxearekin harremana izan zuten hainbat pertsonak haren irudiari orainaren ikuspegitik jorratuko duten bost bideo egitea aurreikusi baita. Lehenengoa, artistaren seme-alabak protagonista dituena, dagoeneko argitaratuta dago, eta, laster, saileko bigarrena ikusi ahal izango dela iragarri dute, Joxean Muñoz 2003an Nestor Basterretxearen bolumetria arkitektonikoei buruzko erakusketa baten komisarioa izan zenari egindako elkarrizketa zabal bat, zehazki.

Bideoen atalak Basterretxearen grabazio historiko batzuk ere jasotzen ditu; horien artean, EITBko artxiboak utzitako eta Inguma Martinez, David Barbero, Julio Flor eta Jose Fernandez de la Sota kazetariek egindako hainbat elkarrizketa. Fernando Golvanok ekarritako grabazio bat ere argitaratu da. Atal honek izaera dinamikoa du, eta zabalduz joango da, izaera historikoko beste ikus-entzunezko batzuen argitalpenarekin.

Mendeurrenaren webguneak espazio publikoetan nahiz museoetan kokatutako artistaren lan garrantzitsuenak geolokalizatzeko eta bistaratzeko aukera ematen duen baliabide bat ere badu, bai eta albiste atal bat ere.

BIGARREN FASEA: 5.000 DOKUMENTU

Iragarri dutenez, epe laburrean aktibatuko den bigarren fasean, webguneak Artiumeko Dokumentazio Zentroko Nestor Basterretxea Artxiboan integratutako dokumentuetara sartzeko aukera emango du. Dokumentu funts hori Basterretxea Irurzun familiak dohaintzan eman zion Artiumi eta, gaur egun, museoa hori antolatzen eta katalogatzen ari da.

Artistaren artxibo pertsonal zabala 5.000tik gora dokumentuk osatzen dute, eta horien artean aurki daitezke, besteak beste, proiektu artistikoei buruzko dokumentazioa, zirriborroak, eskuz idatzitako eta mekanografiatutako testuak, korrespondentzia, zinema gidoiak, prentsa ebakinak, argazkiak eta Biok altzari modernoen diseinu enpresaren inguruko materialak. Oraingoz, Artiumen Artiker plataforman kontsulta daiteke.

Miren Vadilloren hitzetan, margolaritzan eta eskulturan, zineman, ilustrazioan, diseinuan eta euskal kulturaren sustapenean egindako lanaren zabaltasunak eta sakontasunak, Basterretxearen lana eta bizitza «Euskal Herriarentzat arrasto handiko bizi eta arte ondare egiten ditu, estetikatik harago». Mendeurrenaren ospakizuna Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak koordinatu du, Gorka Basterretxearen laguntzarekin.