GARA
ARRAUNA

Etxeko lau kirolari ontziratu beharko dira 2025ean, eta bost 2026an

Arraunlariak, iaz, Coruñako uretan.
Arraunlariak, iaz, Coruñako uretan. (AGENCIA LOF)

Traineruen Kluben Elkarteak (TKE) 2024ko Ohiko Batzarra egin zuen atzo. Hantxe onartu zituzten aurtengo denboraldiko egutegiak eta aurrekontuak, eta horrekin batera, harrobiko arraunlari kopuruaren inguruko beste erabaki garrantzitsu bat onartu zen.

Izan ere, hurrengo urtetik aurrera, Eusko Label eta Euskotren Ligetako traineruek orain baino harrobiko arraunlari bat gehiago ontziratu beharko dute estropada bakoitzean. Alegia, 2025ean lau, eta 2026an, bost. Cabok egin zuen proposamena eta hamar aldeko boto jaso zituen; kontrakoak, bi, Bermeo Urdaibai eta Zierbenarenak, alegia.

Orain arte, 2024a barne, hasierako arraunlarien zerrendek gutxienez hiru baldintza hauetako bat bete behar zuten: 7 arraunlari propio izatea eta horietatik 3 harrobikoak; 6 arraunlari propio edukitzea eta horietatik 4 harrobikoak; edo, 5 arraunlari propio izatea eta 5 harrobikoak.

Arau horren gainean aurkeztutako aldaketa-proposamena onartuta, 2025etik aurrera hamaikakoek honako baldintza hauetako bat bete beharko dute: 7 arraunlari propio edukitzea eta horietatik 4 harrobiko arraunlariak izatea, edo 6 arraunlari propio eduki eta horietatik 5 harrobikoak izatea.

Bestalde, egutegiari dagokionez, Eusko Label eta Euskotren Ligak ekainaren 29an hasiko dira Coruñan, eta Galizian lau estropada jokatuko dira guztira. Aurten, Coruñan jardunaldi bakarra jokatuko da. Ekainaren 30ean, ordea, Bueun egingo da estropada, eta beste biak Ribeiran eta Cabo Da Cruzen izango dira.

Aipatzekoa da Pasaian eta Ribeiran formatu berezia duten bi eremu berreskuratu direla. Izan ere, gizonek 6 luze eta 5 ziaboga egin beharko dituzte. Emakumeek, berriz, 3 luze eta 2 ziaboga.

Berritasunetako bat da Euskotren Ligak 16 jardunaldi izango dituela, iaz baino bi gehiago, play-offetako bi jardunaldirekin batera, lehenengoz emakumezkoen txapelketaren historian. Zarauzko estropadak, jardunaldi bikoitza izango duenak, amaiera emango dio Euskotren Ligari, eta play-offak iraileko hirugarren asteburuan jokatuko dira, Barakaldon eta Portugaleten.