GARA

GUNE GEHIAGO, HERRI URRATSEN

Badator Herri Urratsen 41. edizioa, berrikuntzak dakartzana. Euskararen kontrako oldarraldiari aurre egitearren, joateko deia egin dute.

Herri Urratsen artxiboko irudia.
Herri Urratsen artxiboko irudia. (Guillaume FAUVEAU)

Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko jairako hilabete bakarrik falta dela, aurten berrikuntzak dakartzan festaren nondik norakoen berri eman zuten atzo Koldo Rodriguez Herri Urratseko koordinatzaileak eta Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak Beskoitzeko Ikastolan. «Dei egin nahi diogu euskal jendarte osoari maiatzaren 12a gorriz markatzeko eta indar bat egiteko Senperera hurbiltzeko», galdegin zuten antolatzaileek. Izan ere, euskararen aurkako oldarraldiari erantzuteko beharra dagoela uste dute, eta hilabete barru horretarako parada paregabea izango delakoan daude: «Munduaren aurrean euskaraz bizi nahi duen herri bat dagoela irudikatzeko eguna izan nahi du aurten Herri Urrats egunak». Horrela, egitarau oparoa antolatu dute, berrikuntzak ere badakartzana, beste edizio batzuen aldean. Aurtengo Herri Urratsek zortzi gune izango ditu, hots, ohi baino bi gehiago, eta eszena berri bat ere izango da. Goizetik gauera luzatuko den egitarau zabala prestatu dute antolatzaileek, askotariko musika eskaintza izango duena. Ez dira faltako dantzari eta kirolei eskainitako guneak Senpereko lakuaren inguruan.