Beñat ZALDUA
AZKEN INKESTEK ERAKUSTEN DUTENA

EAJ kezkatzeko moduko bost joera

Posible al da «sorpassoa»? EAJ eta PSE iritsiko ote dira 38 aulkietara? Inkestek diotenarekin tematzen gara sarri, baina interesgarriagoa izan ohi da joerei erreparatzea, aulkien banaketak aldagai asko baititu. Esaterako, ezker konfederalarekin eta Voxekin gertatzen denak asko alda lezake dena. Joeretan, aldiz, gauza batzuk argiago agertzen dira. Sabin Etxean badute kezkarako motiborik.

(Jagoba MANTEROLA | FOKU)

U rtarrilean argitaratu ziren lehen inkestek EH Bildu eta EAJ aurrez aurre jarri zituztenean, denok pentsatu genuen hauteskundeak urrutiegi zeudela oraindik; alegia, hurbildu ahala EAJk mobilizatuko zuela bere sarea eta kontzentratuko zuela ezker subiranistaren beldur direnen botoen gehiengoa.

Ez da gertatu, ez behintzat orain arte. Kanpainaren azken txanpan gaude, eta gauza batzuk alda litezke oraindik, baina asteburuan plazaratu diren inkesten arabera, EH Bilduk pultsuari eusten dio, bere aurreikuspenak hobetuz. Urtarrilean Pello Otxandianok “partidan” ordu eske bukatuko zuela pentsatu zuten batzuek, baina kontrakoa gerta liteke azkenean. EiTB Focusen azterketen garapena ikusita, Imanol Pradales kezkatu behar lituzkeen bost joera nabarmentzen dira. Hauek dira.

HAUTESLEEN KEZKAK

Pertsonalki arduratzen dituen arazo nagusiaren inguruan galdetuta, %8,6k erantzun zuten «osasuna» urtarrilean, %13k martxoan, eta %15,6k orain, apirilean. Etxebizitza ere %6,1etik %7,3ra pasatu zen, eta hortik %8,7ra. Delinkuentzia eta segurtasun eza, ordea, %10,2tik %8,3ra jaitsi da hilabetean. Hirugarren postutik bosgarrenera.

Galderak pertsonaletik kolektibora jauzi egiten duenean, joera berbera ageri da. Hilabeteko epean, EAEko arazo nagusia Osakidetzaren egoera dela diotenak %13,6tik %17,7ra igaro dira; etxebizitza aipatzen dutenak, %8,5etik %9,8ra; eta delinkuentzia eta segurtasun eza, %7,2tik %5era. Ez da, inondik inora ere, Imanol Pradalesi komeni zaion agenda.

LAKUAREN KUDEAKETAREN BALORAZIOA

Lakuaren azken zortzi urteetako kudeaketaren inguruko galderak aldaketak dakartza. Hobetu egin dela uste dutenak 1,5 puntu hazi dira (%15,5etik %17ra), baina okerrera egin duela diotenak are gehiago igo dira: 2,5 puntu, %34,5etik %37ra. Baliteke aldekoak esnatzen hasi izana, baina ez kontrakoak aktibatu diren neurri berean.

IDENTIFIKAZIO IDEOLOGIKOA

Urtarrilean, EH Bildurekin ideologikoki bat zetozenak %25,9 ziren, eta orain, %27,8. Tarte berean, EAJ %24,4tik %24,9ra pasatu da. Alegia, tartea 1,4 puntu hazi da.

ADIERAZITAKO BOTO ASMOA

Estimazioak alde batera utzita, galdetutako hautesleek adierazten duten zuzeneko boto asmoa 0,3 puntu igo da soilik EAJren kasuan; %22,5etik %22,8ra. EH Bildurena 0,7 puntu hazi da, %26,9tik %27,6ra. Ezker subiranistaren aurkako mamuaren aztarnarik ez, hemen behinik behin.

Gainera, PSEren zuzeneko boto asmoa 0,6 puntu jaitsi da hilabete bakarrean, %5etik %4,4ra.

BOTO TRANSFERENTZIAK

Alderdien arteko transferentzietan ere ez da sumatzen inolako aktibazio berririk. 2020. urtean EAJren alde bozkatu eta igande honetan errepikatuko dutenak gutxi hazi dira (%63,2tik %63,5ra; oso gutxi, jeltzaleen historikoa ezagututa). PSEtik eta PPtik zerbait gehiago xurgatzen du azken inkesta honetan, baina EH Bildutik eta abstentziotik jasotzen duenak, aldiz, behera egin du.

Beste aldean, EH Bildurekiko leialtasun datuak ikusgarriak dira. Errepikatuko dutenak %87,7tik %88,8ra igo dira azken hilabetean. Eta EAJtik xurgatzen duen botoa %7,7tik %9,2ra igaro da. Nork bukatuko du luzapena eskatzen?