Asier ETXENIKE
Soziologoa
IRITZIAK

«Match ball»-a salbatu du EAJk, PSEri esker

Hauteskunde hauetan galdera nagusia EAJk edo EH Bilduk, nork irabaziko zuen zen. Pronostikoak irekita zeuden, eta horrela suertatu da azkenean. Hauteskundeak EAJk irabazi ditu botoz, baina lau puntu eta lau eserleku galduta. Gainera eserlekuetan EH Bilduk berdindu egin dio. EH Bilduk ia bost puntu igo ditu, eta sei eserleku irabazi. Aurreko hauteskundeetan irabazi zituen hirurei jarraipena emanez, 27ra iritsi da. Bizkaian eta Gipuzkoan bat gehiago lortzetik gutxira geratu da gainera, eta PSEk lortu ditu eserleku horiek. Horrek errealitate bihurtzen du EAJk Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde batzuk galdu ditzakeen pertzepzioa edo ideia.

Hauteskunde hauetan bi datu nabarmenduko nituzke. Batetik, EH Bilduren igoerako joera. Parte hartzea handituta ere, bai botoetan eta bai ehunekoetan inor baino gehiago hazi da. 90.000 bozka, bost puntu eta sei eserleku irabazi ditu, EAJrekiko distantzia nabarmen murriztuz. Araban eta Gasteizen irabazi du. Gipuzkoan irabazi du, eta Donostian oso gertu geratu da. Bizkaian ere EAJri tartea nabarmen txikitu dio… Hazkunderako joera hori 2020an, pandemia eta abstentzioa zirela-eta, zalantzan jartzen zen. Dagoeneko joera oso argia da, eta ez du inork zalantzan jartzen sendoa denik. Joera horren ondorioz, orain gutxi arte pentsaezina zen egoera batean aurkitzen gara: Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde batzuk EH Bilduk irabazi ditzake.

Baina joera horri bigarren datu bat gehituko nioke. Kontuan hartu behar da, eta nabarmenduko nuke, ezker konfederalak 50.000 boto inguru utzi dituela, eserleku bihurtu gabe. Horrek nolabait errealitatea desitxuratu egingo du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrak Legebiltzarrak adieraziko duena baino ezkertiarragoak eta erabakitzeko eskubidearen aldekoagoak dira. Desitxuraketa horrek EAJri eta PSEri mesede egin ahalko die epe laburrean, baina etorkizun ertainean ez lieke mesede egingo horri ez erreparatzea. Bestetik, hausnarketa bat ere beharko luke horren arduradunak direnen aldetik.

Bukatzeko, dena kontuan hartuta, PSEk match ball-a salbatu dio EAJri. PSEk bi eserleku gehiago lortu ditu, nahiz eta puntu bakarra irabazi duen. Horrekin gehiengo osoa eskura dutenez, EAJren ahulezia ez da hain nabarmen geratuko. Baina zenbaki eta joera hauek guztiek errealitate berri batean kokatzen gaituzte.