IRAITZ MATEO
DONOSTIA

Gotzon Barandiaranek bere belaunaldiaren galbahea eraiki du poemen bidez

Gotzon Barandiaranek “Galbahea” poema liburua aurkeztu zuen atzo goizean. Bere belaunaldiari hitz egiten dio, atzera begira jarriz eta aurrera begiratzen ahaleginduz. Kantatu ere egin zuen aurkezpenean; musikariekin batera, zuzeneko kantuekin emanaldi bat osatzen dabilela aurreratu zuen.

Barandiaranek bere hirugarren poema liburua aurkeztu zuen.
Barandiaranek bere hirugarren poema liburua aurkeztu zuen. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Maitasuna da liburu honen ardatza. Edo, bestela esanda, liburu honetako intersekzionalitatearen erdigunea maitasuna da. Edo, nola esan, liburuan kantagai ditudan guztiak maitasunetik galbahetu ditut. Maitasunaren hariak lotzen ditu», horrelaxe aurkeztu zuen Gotzon Barandiaranek atzo bere poema liburu berria, hirugarrena: “Galbahea”.

Leire Lopez Susako editorearen ustez, galbahe bat eraiki du idazleak liburuan, «hitzen zentzua eta bizitzaren zantzua berreskuratzeko ahaleginean». Hamaika gaik zeharkatzen dituzte Barandiaranen poemak Lopezen ustetan: itzalak, isilean errepikatutakoak, amaren heriotza, harrapatutako kultura baten nekeak... Baina batez ere bere belaunaldiaz eta bere belaunaldiarekin mintzo da. Lopezek azaldu zuen forma aldetik elkarrekin segidan emanda daudela poema guztiak, atalkatzerik gabe, «kate moduko bat osatuz; poema bat hurrengoari lotzen zaio, batzuetan modu agerikoagoan, besteetan ezkutukoagoan».

Aurkezpenean Barandiaranek berak azaldu zuen «atzera begiratzeaz eta etorkizunean ekiteaz» hitz egin diola bere belaunaldiari, «eta neure buruari», onartu zuen. Galbahea hartu du kontzeptu gisa, eta galdera deseroso andana sortu dizkiola kontatu zuen: «Zer da ezinbestekoa? Zer da beharrezkoa? Zer hutsala? Ziklo edo aro baten amaieran, hasiera berri baten atarian, nor gara gu? Zeri eman diogu garrantzia? Zer gorde dugu aldean? Zer baztertu? Eta batez ere, zergatik?». Eta horiei guztiei erantzuten ahalegindu omen da poemen bidez.

«Askatasuna, maitasuna, damua, errua, iraultza, esperantza… Uste baitut ezin ditugula berba horiek pertsonen eta lurraren zein planetaren beraren biziraupena arriskuan jartzen ari direnen esku utzi, garrantzitsuegiak dira», adierazi zuen, eta termino horiek eta horien garai bateko zein egungo esanahiek lekua dutela liburuan argitu zuen.

POETAREN GALBAHEA

Bada liburua zeharkatzen duen beste gai bat, edo beste presentzia bat behintzat, liburua idazten ari zen bitartean hil baitzen Barandiaranen ama: «Bere heriotzak galbahearen beharra berretsi zidan, bizitza eta heriotza bereizteko. Amaren heriotzak iruditeria emozional bat ekarri zidan; eta sentitu nuen etxera itzultzeko behar bat, bizitzeko eta ekiteko ilusioa aterpetzen diren abiapuntura itzultzeko».

Harkaitz Cano ere aurkezpenean izan zen; bere belaunaldikide gisa gonbidatu zuen Barandiaranek. Canok, aurkeztu berri den liburua «oso inspiradorea» iruditu zaiola aitortu zuen. Larrabetzuarraren liburua oinarri harturik, poetak hitzetan «distantzia eta fedea» duela kontatu zuen: «Barandiaranek hainbat hitzekiko desengainua sentitzen du, behin esangura bat zuten zenbait lelori desjabetua izan zaiolako garai bateko zentzua». Eta, idazlearen ustez, horrek haien belaunaldian eragina izan du.

«Bere ni-aren eta bere belaunaldiaren artean kokatzen da Barandiaran poemario honetan, angelu sozial baten bila, eta horrenbeste eztabaida literario eragin dituen gu hori ere artezki definitzen du: gu = antzera bizi izan zaretenok eta ni», adierazi du Canok, eta erdigune intimo batetik belaunaldiaren «angelua» bilatzen duela gaineratu du.

Notarioaren eta poetaren lana alderatu zituen Canok aurkezpenean: «Poetaren luma ez da noski notarioarena. Notarioak egunez lan egiten du bulego orduetan eta hark ebazten ditu lotura zibilak, jabetza eskualdatzeak, hipotekak, herentziak eta defuntuen paperak. Poetak, aldiz, lan ordutegitik kanpoko arrakaletan idazten du hitzen tranpez, polizia gehiegikeriez, zaintza sozialaz eta zaintza intimoaz, amari egin gabeko aitorpenez, oraindik iritsi ez direlako helbiderik ez dutenen lekukotza jasotzeaz arduratzen den anti-notarioa da poeta. Ebatzi beharreko galdera da, notarioaren paperak edo poetaren poemak, zerk duen zilegitasun gehiago guretzat. Denborak esango du».